Gizartea -
Koronabirusa
18 urtez gorako guztiek hirugarren dosia jaso ahal izango dute Ipar Euskal Herrian
Konfinamendua, saltokien itxiera aurreratzea edo joan-etorriak mugatzea baztertu du Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak oraingoz.
Agentziak | EiTB Media
18 urtez gorako herritar guztiek koronabirusaren aurkako hirugarren dosia jasotzeko aukera izango dute Ipar Euskal Herrian larunbatetik aurrera, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak ostegun honetan jakitera eman duenez.
"Aurrerantzean hirugarren dosia 18 urtez gorako guztiek jaso ahal izango dute, azken txertoa hartu zutenetik bost hilabete pasa badira", adierazi du. Emmanuel Macronek ministro Kontseilua bildu du. Bosgarren olatuari eta osasun egoerari aurre egiteko neurriak hartu ditu Frantziako Gobernuak.
Veranek ziurtatu duenez, txerto nahikoak izango dira. Familia medikuei ala erizainei eskatu edo 1.200 bat txertaketa zentro masiboetan hartzeko aukera izango dute herritarrek. Txertaketa zentroak berriro zabaldu edo martxan jarriko dira Estatu osoan.
Bestalde, toki publiko gehienetan sartu ahal izateko osasun ziurtagiriaren baldintzak zorroztuko dituztela iragarri du ministroak.
Orain arte, probak 72 orduko iraupena zuen, baina ministroak 24 ordura murriztu du. Era berean, txertoa jaso ez dutenek ordaindu beharko dutela gogorarazi du buruzagiak.
Toki publiko itxi guztietan musukoa berriro derrigorrezkoa izango dela ziurtatu du Veranek. Babes neurriak mantentzea eskatu du, hala nola, eskuak garbitzea edo distantzia soziala. Ministroaren ahotan, dispositibo horrekin "Frantziak bosgarren olatua gainditu dezake, neurri gogorragorik hartu gabe".
Konfinamendua, saltokien itxiera aurreratzea edo joan-etorriak mugatzea baztertu du ministroak oraingoz, aurreko olatuetan ez bezala, Frantzian hamar heldutatik ia bederatzik txertoa jaso dutelako.
"Txertorik gabe olatu berrian murgilduta egongo ginateke, delta aldaera kutsakorragoa delako, eta konfinaturik geundeke", esan du Veranek. Zentzu horretan, txertoa jaso ez dutenek ospitalean bukatzeko hamar aldiz arrisku handiago dutela ohartarazi du agintariak.
Bi tratamendu
Covidari aurre egiteko tresna horiez gain, laster "emaitza esperantzagarriak" izaten ari diren bi tratamendu eskura izango dituztela erantsi du ministroak.
Bat, injekzio bidez, ospitalean larri dauden pazienteentzako izango da, bestea, pilula bat, botiketan eskuragarri egongo da abendutik aurrera, baina errezeta beharrezkoa izango da. Kutsatu ondorengo bost egunetan hartuz gero, ospitaleratzeko arriskua erdira murrizten du pilulak.