Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Bilbo eremu gorrira sartu da, aurrez Gasteizek eta Donostiak egin bezala
Gipuzkoa gogor astintzen ari da izurria, eta hainbat udalerri handik, tartean Zumarragak, Azpeitiak edo Urretxuk, 1.500 kasutik gorako intzidentziak dituzte.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Birusak oldartuta jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duen semaforoaren arabera. Hala, 152 udalerri, handi zein txiki, daude eremu gorrian, astelehenean baino 15 gehiago. EAEko hiru hiriburuek kolore hori dute jada, Bilbo (165 kasu 100 000 biztanleko) Donostiari eta Gasteizi batu zaielako.
Hori horrela, Arabako 20 udalerrik, Bizkaiko 62k eta Gipuzkoako 71k osasun arloko prebentzio neurriak mantendu ezin diren jarduerekin aurrera jarraitu edo bertan behera utzi erabaki beharko dute.
Arabak eremu latzenean jarraitzen du, 100.000 biztanleko 253 kasurekin, beste 20 udalerrirekin batera. Zortzi herri gehiagori jarri zaie semaforoa gorri. Kezkagarria da Aguraingo egoera, 900 kasuko intzidentzia metatutik oso gertu baitago (878 puntu). Gasteizen ere gora egin du izurriaren eraginak (260 kasu metatu azken 14 egunetan), eta Laudio ere gune kritikoan sartzeko zorian dago (147 puntu). Ifrentzuan, aipagarria da udalerri askok (21) 0 kasuko intzidentzia metatuari eusten diotela, eta bereziki txikia da Amurrioko tasa. Arabako hirugarren herri populatuena da, baina berdean dago, 48 kasurekin.
Bizkaia gune gorrian dago oraindik, 100.000 biztanleko 229 kasurekin. Astelehenean baino bederatzi udalerri gehiago daude orain gorrian (62, guztira). Bilbo (165 kasu), Gorliz edo Leioa (168) dira, besteak beste, eremu latzenera jauzi egin dutenak. Ezkerraldeak, biztanleria gehien pilatzen dituzten udalerriak barne, kolore laranjari eusten dio. Barakaldon edo Santurtzin, esaterako, 120 eta 111 kasuko intzidentzia metatua dute, hurrenez hurren. Portugalete da salbuespena, 100.000 biztanleko 344 kasurekin. Oso kezkagarria da, bestalde, Elorrion (939 kasu) eta Durangon (829) birusak utzitako egoera makurra.
Dena den, Gipuzkoa dago okerren, intzidentzia gora baitoa etenik gabe (648 kasu 100.000 biztanleko). Gorriz margotuta dago lurraldea bera, eta baita beste 71 udalerri ere, aurreko astean baino hiru gehiago. Intzidentzia kopuru bereziki puztuak dituzte Zumarragan (1.690 kasu metatu), Urretxun (1.347) edo Azpeitian (1.636). Halaber, Soraluze, Deba eta Oiartzun gune gorrian sartu direnez, udalerri handi guztiak eremu kritikoenean daude jada.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.