Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatua ia 375 kasukoa da Euskadin eta 36 pertsona daude ZIUetan
Datuok kontuan hartzen baditugu, Osakidetza '1go agertokian' legoke. Atzo 179 pertsona zeuden ospitaleratuta, duela astebete baino 64 gehiago, eta ZIU gaixoen kopuruak ere gora egin du: astelehenean baino 5 gehiago.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
100.000 biztanleko 374 kasutara iritsi da Covid-19aren intzidentzia metatua Euskal Autonomia Erkidegoan, azken astean 5.004 koronabirus kasu zenbatu baitira. Gora egin du, aldi berean, zainketa intentsiboetako unitateetan dauden gaixo kopuruak. Astelehenean 31 ziren eta gaur 36, bost gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur argitara eman duen txosten epidemiologikoaren arabera, asteazkenean 179 pertsona zeuden ospitaleetan, astelehenean baino 11 gehiago eta duela astebete baino 64 gehiago.
Kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute Euskadin. Atzo bertan 919 kasu positibo berri izan ziren. Lurralde astinduena Gipuzkoak izaten jarraitzen du, 648ko intzidentzia tasarekin. Atzetik doaz Araba (253) eta Bizkaia (229).
Hiru hiriburuetan ere intzidentzia-datuek gora egiten jarraitzen dute: 447 kasu Donostian, 260 kasu Gasteizen eta 165 kasu Bilbon. Beraz, guztiek nabarmen gainditzen dute jende-pilaketak saihesteko kasuen muga, 150ekoa baita.
Adin-tarteari erreparatuz gero, 0-9 urte bitarteko haurren artean dago intzidentzia metatu handiena. Hala ere, nabarmentzekoa da 40 eta 50 urte bitartekoen artean positiboen kopurua. Soilik atzo 179 kasu atzeman ziren adin-tarte horretan.
Bestalde, covid-19aren transmisioak gora egiten jarraitzen du EAEn; izan ere, oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0), koronabirusa duen pertsona batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, 1,29ra iritsi da (1,26koa zen igandean).
Hezkuntzari dagokionez, une honetan EAEko 116 gela daude itxita covid kasuengatik, asteazkenean baino 8 gehiago. 67 ikastetxeri eragiten dio horrek, bezperan baino sei gehiagori, eta oraindik ez dago hezkuntza presentziala erabat etenda duen ikastetxerik.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Herri Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, egoera epidemiologiko "kezkagarria" honen aurrean, lehengoratzeko beharrezkoak diren prebentzio neurriak betetzea beharrezkoa da eta hori ulertzeak duen garrantzia berretsi du.
Sagarduiren arabera, kutsatzeek "gora egiten jarraitzen dute" eta azken egunean 919 positibo izan dira, hau da, "ospitaleko oheak eta zainketa intentsiboetako unitatekoak betetzeko arriskua areagotu egin da".
Datuok kontuan hartzen baditugu, Osakidetza '1. agertokian' legoke, eta zainketa intentsiboetako unitate batzuk "indartu" dituztela nabarmendu du, "baina ohiko arreta areagotu delako". Hain zuzen ere, asteazken honetan 37 gaixo zeuden ZIUetako oheetan covid-19 kasuak tarteko, sailburuaren iritziz, "kopuru garrantzitsua".
Sagarduik azpimarratu duenez, une honetan "goranzko joera dago, eta hori hospitaleetan nabari da, baliabide kopuru areagotzen ari delako; ondorioz, sistema tentsionatzen ari da. Halaber, goranzko joera honek Lehen Mailako Arretan dauden langileengan ere eragin zuzena izan duela; izan ere, berriz ere proba gehiago egin behar dituzte.
Sailburuaren esanetan, birusa "gure artean dago oraindik", eta azken aldian jende asko biltzen dituen jai eta bilkuren kopurua hazi egin dela ohartarazi du, eta horrek "birusak hedapena ahalbidetzen duela".
Era berean, gogorarazi du 12 urtetik beherako biztanleak txertatu gabe daudela eta, nahiz eta abenduan "aurreikusitakoaren arabera" txerto pediatrikoan aurrera eginez gero lehen dosiak eskura daitezkeen, ez dakitela "noiz eta zenbat dosi" jaso ahal izango diren.
Sagarduik uste du olatua ez dela oraindik gailurrera iritsi Euskadin. "Bilakaerak gorantz jarraitzen du", eta EAEko ospitaleetan 12 urtetik beherako haurrak daude ospitaleratuta. "Kasu berriak pilatzen joan zaizkigu, baina ez gara gai izan geldiarazteko", eta horrek esan nahi du gaixo gehiago ospitaleratu direla, besteak beste, 12 urtetik beherakoak.
Bide judiziala ez da "uniformea", Sagarduiren arabera
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, Euskadik Lurralde arteko Osasun Kontseilura eraman zituen proposamenek ez zuten "erantzunik jaso". Hori ikusita, covid ziurtagiria baimentzeko Auzitegi Gorenaren aurrean helegitea jartzea erabaki du Jaurlaritzak, nahiz eta hasiera batean errekurtsoa baztertu; izan ere, sailburuak uste du, erkidegoek duten tresna bakarra ere ez da uniformea.
Neurriak hartu ahal izateko tresna juridiko falta askotan azpimarratu du Jaurlaritzak, Sagarduiren esanetan; izan ere, neurriak berehala eta berme juridikoarekin martxan jartzeko trabak izan dituztela berretsi du. "Pasatu berri da", gogorarazi du sailburuak, aste honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 'covid pasaportea' erabiltzeko baimena ukatu ostean.
Atzo bertan, Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan, tresna juridiko falta zegoela azaldu zion ministroari, eta beharrezkoa dela "esparru juridiko segurua" izatea erabakiak hartu ahal izateko. "Auzitegira jotzeko eskatzen diguten arren, auzitegi batzuek eta besteek ezberdin jokatzen dutela argi ikusten da", azpimarratu du, eta, beraz, "irizpide komun bat ezarri beharko da", sailburuaren iritziz.