Gizartea -
ELKARRIZKETA
EAEko espetxeetan dauden presoen ia % 40 indarkeria matxistagatik ari dira zigorra betetzen
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak formazioan egin du azpimarra, erasotzaileek emakumeekiko jarrera aldatu eta delituak errepikatu ez ditzaten.
Onintza Aiestaran | EITB Media
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan dauden presoen ia % 40 (% 35 eta % 40 artean) indarkeria matxistagatik ari dira zigorra betetzen. Horietatik hamarretik zortzik baino gehiagok berdintasun arloko ikastaroren bat egin dute.
Artolazabal sailburuak formazioan egin du azpimarra, erasotzaileek beren jarrera aldatu eta delituak errepikatu ez ditzaten. Zehazki, biktimak artatzen dituzten profesionalei eta "gizon izateagatik emakumeak baino gehiago direla uste duten" erasotzaileei prestakuntza espezializatua eskaintzearen alde agertu da.
Radio Euskadiko Boulevard saioari eskainitako elkarrizketa batean eta Maguette Mbegouren hilketaz galdetuta, erakundeen arteko koordinazioa eskatu du indarkeria matxistari aurre egiteko. "Euskadik indarkeria matxistaren biktimei eskaintzeko zerbitzu asko ditu, baina eraginkorragoak izan behar dugu eta horretarako koordinazioa behar dugu", adierazi du.
Beatriz Artolazabalek autokritika egin du eta egindako akatsetatik ikastea eskatu du, bai gizarte zerbitzuen alorrean eta baita arlo judizialean ere, Maguette Mbegouri gertatu zitzaiona errepikatu ez dadin. Maguette Mbeugouk senarraren aurkako salaketa aurkeztu zuen indarkeria matxistagatik, eta urruntzeko agindua ere eskatu zuen, baina epaileek ukatu egin zioten. Krimenaren ostean, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente zenak onartu zuen kasu hori "Justiziaren hanka-sartze handia" izan zela.
Sailburuak ez du ulertzen eskolta indarkeria matxistaren biktimek eraman behar izatea eta ez erasotzaileek, eta onartu du orain arte lege aldetik inor ez dela gai izan auzi hori konpontzeko.
Amaitzeko, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko lan egiteko konpromiso irmoa agertu du, "horrela bakarrik lortuko baitugu berdintasunezko gizarte bat".