Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Aurten 336 ikus-entzunezko aurkeztu dira Beldur Barik lehiaketara
Azaroaren 26an Agurainen egingo den Beldur Barik Topaketaren baitan jakinaraziko dituzte irabazleak. Sari banaketa telematikoa izango da eta eitb.eus.en zuzenean jarraitu ahalko da.
AGENTZIAK | EITB Media
Beldur Barik lehiaketaren aurtengo edizioa amaierara iristen ari da eta ostiral honetan jakinaraziko dituzte ikus-entzunezko irabazleak Agurainen egingo den Beldur Barik Topaketaren baitan. Pandemia tarteko sari banaketa telematikoa izango da eta eitb.eus-en zuzenean jarraituko ahalko da.
Emakundek, Eusko Jaurlaritzarekin, hiru foru aldundiekin eta Eudelekin elkarlanean antolatzen duen lehiaketa 12-26 urteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexista eta matxistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatu behar dute lanek.
Gaur goizean Aguraingo Harresi aretoan egin duten Beldur Barik Topaketaren aurkezpen ekitaldian Izaskun Landaina Emakundeko zuzendariak, Ainhoa Campo eta Miren Elgarresta Arabako eta Gipuzkoako Berdintasun diputatuek eta Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkateak parte hartu dute.
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azaldu duenez, iaztik hona parte-hartzea bikoiztu egin da. Guztira, 400 ikus-entzunezko baino gehiago aurkeztu dira, gehienak ikastetxeetan eginak.
400 proiektu horietatik 336 sartu dira lehiaketan, horietako batzuek ez baitzituzten betetzen oinarrietan jasotako baldintza guztiak. Horietatik 100 proiektu 12 eta 13 urte bitartekoek eginak dira; 173, 14-18 urte bitartekoenak; eta 63, 19-26 urte artekoenak. Lurraldeka, 39 Arabakoak dira, 172 Bizkaikoak eta 125 Gipuzkoakoak.
Ikus-entzunezko lanetan jorratu dituzten gai nagusiak hauek dira: rol eta estereotipo sexistak, bikote barruko indarkeria matxista, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta berdintasunaren aldarrikapena.
Landaidak azpimarratu duenez, Beldur Barik programak gazteei tresnak eskaintzen dizkie beren harremanetan jarrera horiek antzeman ditzaten.
Miren Elgarrestak, bere aldetik, horrelako ekimenen eta hezkidetzaren bitartez gazteengana eta nerabeengana iristeko beharra azpimarratu du: "Ziurrenik hori izango da modurik eraginkorrena indarkeria sexista prebenitzeko eta egitura, rol eta estereotipo horiek desikasteko", gaineratu du.