Gizartea -

Koronabirusa

Jaurlaritzak osasun larrialdia berriro ezartzea aztertuko du ZIUetako okupazioak gora egiten badu

50 gaixo larriren langa gainditzen bada eta gainerako adierazleek okerrera egiten badute, EAEko pandemiaren legearen baitan neurriak zorroztea mahai gainean jarriko du Jaurlaritzak. Halaber, Espainiako Gobernuari eskatu dio musukoa kanpoaldean une oro derrigorrezko egiteko berriro.

Hainbat pertsona Illumbeko txertogunearen inguruan. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Illumbeko txertogunearen inguruan.
Justiziaren ezezkoaren ostean, neurriak hartzeko berme juridikoa eskatuko dio Jaurlaritzak Sanchezi

1:28

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ez goaz ondo!". Horrela laburbildu du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak pandemiaren egoera Euskadin. Horren aurrean, EAEko Auzitegi Nagusiak osasun ziurtagiria ezartzeari ezetza eman ostean, Jaurlaritzak iragarri du osasun larrialdia berriro ezartzea aztertuko duela ZIUetako okupazioak gora egiten badu.

Sagardui prentsa aurrera agertu da gobernu bileraren ostean, eta bertan izurritearen bilakaerari buruzko datuak eta gogoeta partekatu ditu. Zehaztu duenez, okerrera egin dute koronabirusaren datuek: intzidentzia metatua 321 kasukoa da 100.000 biztanleko, joan den astean 181 kasukoa izan arren. Ospitaleratzeek ere gora egin dute (114tik 176ra igaro dira), eta ZIUetan 31 gaixo larri daude (duela astebete 30 ziren). Azken adierazle hori izango da, hain justu, neurriak zorrozteko erabiliko dutena. Hala, Osasun sailburuak iragarri duenez, ZIUetako okupazioa 50era iristen badaurriaren 5etik bertan behera dagoen osasun larrialdia berriro ezartzea aztertuko dute.

Osasun larrialdia berrezarrita, LABI EAEko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea osatuko litzateke berriro, eta pandemiaren aurkako euskal legeak jasotzen dituen neurri "zorrotzagoak" hartzeko aukera eskura izango luke Jaurlaritzak.

Osasun sailburuaren ustez, ezinbestekoa da prebentzio neurriak areagotzea "are gehiago okertu baino lehen". Gogorarazi duenez, joan den astean "lehen ohartarazpena" egin zuten, eta herritarrak konturatu ziren "zerbait ez zegoela ondo". "Dena dela, hezkuntza arloan ez ezik, agerraldiak izaten ari gara txangoetan, ezkontzetan edo afarietan ere", azaldu du.

Horren ildoan, EAEko Auzitegi Nagusiaren atzoko erabakia deitoratu du. "Gure ustez, Auzitegiak gutxietsi egin zuen birusaren hedatzeak pertsona askoren osasunarentzat dakarren arriskua; guk proposatutako neurriak arrisku horri egokituta zeuden", azaldu du.

"Beste hainbat lekutan erabiltzen ari den tresna gabe geratu da Euskadi", kritikatu du Sagarduik, eta horrek, bere ustez, agerian utzi du "bide juridikoak ez duela balio covid-19aren goranzko garapena geldiarazteko". Horren aurrean, Espainiako Gobernuari dei egin dio Jaurlaritzak "tresna juridikoak" sor ditzan.

Musukoa kanpoaldean

Halaber, aurreratu du bihar egitekoa den Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordean honako neurriak hartzea eskatuko duela: kanpoaldean maskara erabiltzeko betebeharra berreskuratzea, covid ziurtagiriaren erabilera arautzea ekitaldi eta establezimendu zehatzetan, hirugarren dosia emateko prozesua aurreratzea, eta "mekanismo guztiak erabiltzea covid-19aren aurkako txerto pediatrikoaren etorrera bizkortzeko eta arintzeko, EMAk onartu ondoren".

"Neurriak behar ditugu, hemen eta orain", azpimarratu du Osasun sailburuak. Era berean, beste gako bat erantsi du: "Txertaketa, txertaketa eta txertaketa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa EAEko Justizia Auzitegi Nagusia Osasun-larrialdi egoera amaitu da