Gizartea -
'Pelhucas' operazioa
13 pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, droga trafikoaren aurkako operazioan
Sei atxilotu espetxeratu eta gainerakoak libre karguekin utzi dituzte. Substantzia estupefazienteak ebakitzeko laborategi bat eta sei salmenta toki desegin dituzte sarekadan. Era berean, 43.000 euroko balioa duten drogak atzeman ditu Guardia Zibilak.
Agentziak | EiTB Media
Guztira, 13 pertsona atxilotu dituzte Gasteizen, ostiraletik larunbatera droga trafikoaren aurkako operazioan. Substantzia estupefazienteak ebakitzeko laborategi bat eta sei salmenta toki desegin dituzte sarekadan. Era berean, 43.000 euroko balioa duten drogak atzeman ditu Guardia Zibilak.
Espainiako Gobernuak Euskadin duen Ordezkaritzak ohar batean baieztatu duenez, Guardia Zibilak aurrera eraman duen operazioan, pertsona bat ikertzen ari dira, eta beste bat identifikatu dute eta bilatzen ari dira.
Droga trafikoa eta narkotrafikoko talde kriminala osatzea leporatzen diete atxilotuei. Sei atxilotu espetxeratu eta gainerakoak libre karguekin utzi dituzte.
'Pelhucas' operazioa Gasteizko Instrukzio-epaitegi batek bultzatu du, eta Udaltzaingoak parte hartu du. Urte hasieran abiatu zuten ikerketa, Guardia Zibilak penintsulako hegoaldetik Euskadira droga inportazioaren berri izan zuenean, konkretuki, Arabako hiriburura.
Operazioan 11 etxebizitza, bi biltegi pribatu eta bi lokal miatu eta 2,2 kilo substantzia estupefaziente (haxixa, kokaina, speed, kalamua, ketamina) baino gehiago atzeman dituzte. Guztira, 43.000 euro inguruko balioa dute.
Gainera, pilulak eta drogak aizuntzeko ia 3 kilo substantzia aurkitu dituzte, baita zehaztasunez pisatzeko osagaiak, dosi indibidualak prestatzeko ekipamenduak eta zigilatze makinak ere.
Era berean, agiriak, mugikorrak, droga eramateko ibilgailuak eta eskudirutan 18.250 euro baino gehiago atzeman dituzte.