Gizartea -
EZBEHARRA
Pertsona migrante baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaian, Irunen
Paddle surf egiten ari zen herritar batek aurkitu du gorpua, ur gainean, 11:00ak inguruan. Hildakoaren identifikazioan lagun dezakeen dokumentazioa aurkitu du Ertzaintzak bere gauzen artean. Salaketa ekitaldia egingo du bihar eguerdian Irungo Harrera Sareak.
EITB MEDIA
Gorpu bat aurkitu dute gaur goizean Bidasoa ibaian, Irunen, Endarlatza parean, Nafarroatik gertu, eta EiTB Mediak jakin ahal izan duenez, Hendaiara igerian iritsi nahi zuen Boli Kostako migratzaile batena da hilotza.
Paddle surf kirola egiten ari zen herritar batek ikusi du gorpua ur gainean, 11:00ak aldera, eta hark eman du abisua.
Suhiltzaileak eta Ertzaintzako agenteak berehala bertaratu dira, gorpua uretatik atera, eta Donostiako auzitegi mediku institutura eraman dute autopsia egiteko.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hildakoaren identifikazioan lagundu duen dokumentazioa aurkitu dute bere gauzen artean. Ertzaintzak ikerketa ireki du heriotza nola gertatu den argitzeko eta gorpuan ez dela "kriminalitate arrastorik aurkitu" ere zabaldu dute.
Gaurkoarekin, hiru pertsona migratzaile hil dira itota Irun eta Hendaia arteko saiakeran, hilabete gutxian. Laugarren pertsona batek bere buruaz beste egin zuen, gainera, puntu horretan, eta ez da ahaztu behar duela aste batzuk hiru migratzaile hil zirela trenak harrapatuta Ziburun (Lapurdi).
Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak "bide seguruak" eskatu ditu berriz ere
Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak salatu duenez, "zoritxarrez, horrelako gertaerak edozein unetan errepika daitezke Europak etorkizun hobearen bila dabiltzan pertsonen joan-etorrirako bide seguruak sortzen ez dituen bitartean". "Errealitate horri erantzun egokia ematea betebeharra da bai Espainiako bai Europako baita nazioarteko zuzenbidean ere", azpimarratu du ETBn egindako elkarrizketan.
Legarretak gogorarazi duenez, abuztu erdialdean Abdoulaye Koulibaly, 18 urteko gazte ginearra modu berean ito ondoren, "Bidasoaren arriskugarritasunari" buruzko informazioa "areagotu" zen Irungo migratzaileen arretarako zentroan. Hilabete batzuk lehenago, maiatzaren 22an, 29 urteko Yaya Karamokoren gorpua agertu zen uretan, itota hura ere, Irun eta Hendaia artean.
"Ezinegon handia sortzen du pertsona batek bere amets europarra lortzen saiatzean bizia galtzen duenean" adierazi du Migrazio eta Asilo zuzendariak. Drama honen aurrean, dena dela, euskal erakundeek eta erakunde sozialek "migrazio-fenomenoei modu ordenatu eta solidarioan erantzuteko sistema bat" sortu dutela Euskadin defendatu du, "baita gure eskumen-eremuetatik harago ere".
Irungo Harrera Sareak dio hau "zoritxarrez, hau esanda genuela"
Euskadi Irratian elkarrizketatuta, Jon Aranguren Irungo Harrera Sarearen ordezkariak salatu du hau gerta zitekeela ohartarazi zutela duela 10 egun komunikabideetara igorritako ohar batean. Izan ere, "muga gero eta itxiago" dagoela salatu zuten, "Estatu frantsesak gero eta zorrotzago ixten du muga", eta beste alde batetik, erakundeak ez direla nahikoa egiten ari salatu du.
"Hemen Irunen badago dispositibo bat migranteentzat baina zenbait muga dituzte hor sartzeko. Guk ez dakigu ibaia pasatzen direnak kalean geratzen diren horiek diren edo ez, baina euren desesperazioan nahiko normala iruditzen zaigu halako saiakerak egitea eta euren burua arriskuan jartzea. Horregatik, instituzioei esaten diegu pixka bat gehiago egin dezaketela. Inor ez dadila kalean geratu" hausnartu du.
Era berean, bihar eguerdian salaketa ekitaldia egingo dutela ere iragarri du Arangurenek.
Salaketa mezu politikoak
Jose Antonio Santano Irungo alkate sozialistak Twitterreko bere kontu ofizialean ohartarazi duenez, "ezin gara heriotza horietara ohitu" eta Europak beste migrazio politika batzuk izan behar dituela aldarrikatu du.
"Beste bat. Izen-abizenak, senideak eta lagunak dituen beste pertsona bat. Ez da zenbaki bat, gure herrian hil den beste pertsona bat da. Europako mugek lotsa ematen dute eta drama hauekin amaitzeko bestelako migrazio politika aldarrikatzen dugu. Orain eta hemen." idatzi du EH Bilduk Twitterren.
Elkarrekin Podemos-EBk ere erabat gaitzetsi du Bidasoako heriotza hau, eta "tragedia berriak saihesteko" Europako politika aldatzeko eta bide seguruak sortzeko eskatu ditu. "Ezin dugu horrela jarraitu", adierazi du David Nuño Irungo Udaleko Ongizate ordezkariak ohar batean, eta erakundeei neurriak hartzeko eskatu die, "bizitza gehiegi eraman dituen drama honi irtenbidea emateko".