Gizartea -
Koronabirusa
EAEko Fiskaltza covid-19 ziurtagiria eskatzeko baimena ematearen alde agertu da
Uste du justifikazio "objektiboa eta zentzuzkoa" dagoela establezimendu jakin batzuetara sartzea ahalbidetu ala ez erabakitzeko; ziurtagiria eskatzea "beharrezkoa, egokia eta proportzionatua" izango litzateke fiskalaren ustez.
O.P. | Eitb Media
EAEko Fiskaltzak EAEn 50 mahaikidetik gorako jantokiak dituzten jatetxeetara edo dantzalekuetara sartu ahal izateko 'covid pasaportea' eskatzeko baimena ematearen aldeko txostena egin du, Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari egindako eskaeraren karietara. Hala ere, Fiskaltzaren iritzia ez da loteslea.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki beharko du, eta datorren astelehenean bilduko da. Litekeena da egun horretan bertan jakitea euskal auzitegiak neurri hori bermatzen duen ala ez.
Administrazioarekiko Auzien Salara bidalitako idazki batean, fiskaltzak neurri hori ahalbidetuko lukeen lege-esparrua azaldu du, besteak beste, hainbat lege organiko, Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak edo Autonomia Estatutua bera; Fiskaltzak dioenez, "lege-testu horien arabera, osasun-agintariek jarduera publikoetan eta pribatuetan esku har dezakete herritarren osasuna babesteko eta gaixotasuna prebenitzeko".
Fiskalak ez du diskriminaziorik ikusten covid ziurtagiria eskatzean. Azaldu duenez, "gaueko aisialdiko establezimenduetan sartzeko baldintza gisa planteatzen den covid pasaportea erakustea ez da diskriminazio-faktore bat, ez behintzat Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak ezartzen dituen diskriminazio faktoreen parekoa, ez eta egoera berdinetan tratamendu desberdindu baterako faktore ere". Argudio bezala azpimarratzen duenez, "arauaren helburua ez da covid pasaporterik ez duten herritarren kolektibo hori gutxiespenez tratatzea, baizik eta covid birusaren transmisioa prebenitzea, establezimendu horietan dauden herritarren bizitza eta osotasun fisikoa babesteko helburuarekin".
Justifikazio "objektiboa eta zentzuzkoa"
Dokumentuak hainbat alderdi aztertzen ditu, hala nola neurriaren beharra, egokitasuna eta proportzionaltasuna.
Fiskaltzaren arabera, neurriaren "beharra" justifikatuta egongo litzateke Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako justifikazio-memorian, non argudio epidemiologikoak, EAEko pandemiaren bilakaerari buruzko datuak, asistentzia-inpaktua edo txertaketa-datuak jasotzen diren, baita birusa transmititzeko mekanismoen azalpen zientifikoa eta osasun-ziurtagiria erabiltzeko arrazoiak ere.
Gainera, neurria "egokia" izango litzateke fiskalaren arabera, ziurtagiria eskatuko litzatekeen establezimenduen berezko izaera dela eta. Auzitegi Gorenaren 1112/2021 Epaiak jasotzen duen puntu bat erabili du fiskalak alderdi hau argudiatzeko, izan ere, ebazpen horrek dioenez, "aisialdirako leku horien izaerak berak, jendearentzat irekita dauden beste establezimendu batzuek ez bezala, ez duela maskara denbora guztian eta etenik gabe erabiltzeko aukera ematen, maskara nahitaez kendu behar baita jateko eta edateko. Ahots-tonu altuagoarekin hitz egin ohi da gainera, baita kantatu ere, eta horrek kutsatuta egon daitekeen pertsona batek tantak eta aerosolak jaurtitzea eta gainerakoek haiek arnastea laguntzen du".
Beraz, fiskaltzaren arabera, "justifikazio objektibo eta zentzuzkoa dago establezimendura sartzea galaraztea ala, eskakizuna betetzen den heinean, baimentzeko; izan ere, azken xedea pertsonen osasuna eta bizitza babestea da, pandemia hedatzea saihesten edo murrizten duen neurri baten bidez".
Neurri horrek, fiskaltzaren arabera, proportzionaltasun-printzipioa gaindituko luke, kontuan hartuta, alde batetik, osasun kolektiboa Espainiako Konstituzioan bertan onartutako ondasuntzat hartzen dela eta hura babestea dela helburu nagusia, eta, bestetik, ziurtagiririk gabeko pertsonei kenduko litzaiekeen jarduera, hau da, aisialdiko lokaletara sartzea, ez dela funtsezko jarduera, ez berez, ez konstituzioaren arabera.
Dokumentuak adierazten du, hori bai, langileak lokal horietan sartzeko baldintza hori betetzetik salbuetsi beharko liratekeela; izan ere, lanera doaz euren lanerako eskubideaz baliatuta, eta neurri hori ezartzea diskriminatzailea izan daiteke haien kasuan.