Gizartea -

Garraioa

Garraio pribatua erdigunetik atera nahi du Donostiak 2023tik aurrera

Hiriguneari eta Parte Zaharrari eragiten dio bereziki neurriak, Boulevardetik Araba Parkera, eta egoiliarrak eta baimendutako ibilgailuak soilik sartu ahalko dira.

Zirkulazioa, Donostian. Argazkia: donostia.eus
Zirkulazioa, Donostian. Argazkia: donostia.eus
Donostiako Udalak 2023rako hiriko erdigune osoa auto pribatuentzat itxi nahi du

1:22

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak mugikortasun eskema berri bat osatu du, eta 2023tik aurrera hirigunetik kendu nahi du garraio pribatua, eta egoiliarrentzat eta baimenduentzat bakarrik utzi.

Eneko Goia alkateak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak prentsaurrekoa eman dute mugikortasun eredu berria azaltzeko. "Oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoaren mugikortasuna hobetzea" omen da egitasmo berriaren helburua.

Berritasun nagusiak hiri erdiguneari eta Parte Zaharrari eragiten dio bereziki, Boulevardetik Araba Parkera, eta egoiliarrak eta baimendutako ibilgailuak soilik sartu ahalko dira.

Gainerako trafiko pribatuak ibilbide perimetrala egin beharko du, "txandakako aparkalekuetara sartu ahal izateko", baina ezingo du barruko kaleetan sartu.

Udalak kamerak jarriko ditu ibilgailuen joan-etorriak kontrolatzeko eta ez dadin sartu baimenik ez duen auto edo bestelakorik egoiliarrentzat edo baimenduentzat mugatutako eremuan.

Askatasunaren Hiribidean ziurrenik bidegorria jarriko dute, eta garraio publikoaren bide nagusia izango da, Boulevardeko trafikoa arintze aldera, "herritarrek paseatzeko etorbide handia" izan dadin.

Gainera, Goiak adierazi du Udalarentzat ez dela nahikoa erdigunea ixtea, eta eredu hori beste auzoetara zabaltzeko asmoa duela, Grosera, adibidez.

"Mugikortasun eredu berri bat nahi dugu Donostiarentzat, kutsadura murrizteko eta klima aldaketaren aurka borroka egiteko, donostiarren bizi kalitatea hobetzeko. Hiri bat pertsonentzat, osasungarriagoa, inklusiboagoa, bizigarriagoa, biziagoa, eraginkorragoa eta ederragoa", azaldu du alkateak.

Bestalde, Udalak azaldu du Donostialdeko Metroaren lur azpiko zatia izango dela garraio publikoaren elementu "nagusia", hiriko edozein lekutik edozein tokira gehienez ordu erdian iristeko aukera emango duelako, gainerako garraiobideekin batera.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Klima-aldaketa Donostia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Garraio publikoa Larrialdi klimatikoa