Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19 agerraldi bat atzeman dute Foremen, Nafarroako txertaketa eta PCR proben zentro nagusian
Zortzi positibo atzeman dituzte asteazken honetan zentroko langile guztiei egindako baheketa batean; pertsona horien ordez beste batzuk jarri dituzte dagoeneko, eta, beraz, ez da etenik izan Nafarroako Gobernuak bertan dituen bi jarduera-ildoetan: txertaketa eta PCRak.
Agentziak | Eitb Media
Nafarroako Osasun Zerbitzuak covid-19 infekzioaren zortzi kasu atzeman ditu Foremeko langileen artean; une honetan, zentro hori da covid-19aren aurkako txertaketarako eta PCR probak egiteko gune nagusia Foru Erkidegoan.
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez, asteazken honetan egindako baheketa batean zortzi positibo atzeman dituzte langileen artean, eta langile horiek ordezkatu dituzte dagoeneko.
Ez da etenik izan, beraz, Nafarroako Gobernuak Foremgo nabean, CCOOren prestakuntza-zentro zaharrean, gaitutako bi jarduera-ildoetan; txertaketa eta proba diagnostikoak normaltasunez egiten jarraitzen dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kirol-pabiloian eta Maristen Ikastetxe zaharrean irekita zeuden txertaketa guneak itxi ondoren, Forem da Nafarroan txertaketarako eta PCR probak egiteko gune nagusia.
Hain zuzen ere, azken orduetan kutsatzeak nabarmen igo dira Nafarroan, 267 positibo zenbatu baitituzte, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Aurreko egunean baino ia 100 kasu gehiago izan ziren, 172 kasu.