Gizartea -
Koronabirusa
Positiboek nabarmen egin dute gora Nafarroan, 267 izan dira azken egunean
Bezperan baino ia 100 kasu gehiago dira azken egunean zenbatutakoak. Nafarroako Gobernua pandemiari aurre egiteko neurri berriak aztertzen ari da. Foremeko langileen artean zortzi positibo hauteman dituzte.
O. P. | Eitb Media
Kutsatzeak nabarmen igo dira azken egunean Nafarroan, 267 positibo zenbatu baitituzte, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Aurreko egunean baino ia 100 kasu gehiago dira horiek, bezperan 172 kasu hauteman baitziren.
20 kasu atzeman dira Mutiloan, eta hamabina Zizur Nagusian eta Iruñeko Donibane auzoan.
Azken asteetako goranzko joerak jarraitzen du, beraz, eta, ondorioz, pandemiari aurre egiteko neurriak aztertzen ari da Foru Gobernua. Atzo aurreratu zutenez, datorren astean sartuko lirateke indarrean neurri horiek, eta arrisku gehien sortzen dutenei erreparatuko diete gehienbat, hau da, txertoa hartu ez dutenei.
Agerraldia Foremen
Nafarroako Osasun Zerbitzuak zortzi positibo atzeman ditu asteazken honetan Foremeko langileen artean egindako baheketa batean; zentro hori da Nafarroako txertaketa gune eta PCR probak egiteko gune nagusia.
Zortzi pertsona horiek beste langile batzuek ordezkatu dituzte, eta, beraz, ez da etenik izan Nafarroako Gobernuak Forem nabean martxan dituen bi jarduera-ildoetan; txertaketa-prozesua eta proba diagnostikoak normaltasunez egiten dira.
Txertoa hartu ez duten biztanleentzako neurriak
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak asteazkenean adierazi zuenez, covid-19 kasuen gorakadaren aurrean Nafarroako Gobernuak planteatuko lituzkeen neurriek "ez liekete herritar guztiei eragingo, gaixotasuna larritasunez garatzeko arrisku handiena dutenei baizik, ospitaleratzen ari direnei, edo txertoa hartu ez dutenei".
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Remirezek esan zuen covid pasaportea dela lantzen ari diren neurrietako bat, "eraginkorragoa delako eta txertaketa pauta osoa dutenak eta ez dutenak argi eta garbi bereizten dituelako". Remirezen hitzetan, Nafarroako Gobernua harremanetan dago "ostalaritza- eta kultura-sektorearekin, egoera hau bideratzeko neurririk onenak ebaluatzeko".
Horren arabera, gainera, 12 urtetik gorako biztanleen % 10ek ez dute txertoa jarrita eta "ZIU oheen % 60 hartzen dituzte". Halaber, txertaketaren garrantzia azpimarratu ondoren, "posible duten arren, txertatu ez direnei" dei egin zien berriro ere txertoa jartzera.