Gizartea -
KOROANBIRUSA
Indarrean sartu da intzidentzia handia duten EAEko udalerrietan jarduerak eteteko edo atzeratzeko agindua
Arauak, EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratua, 150etik gorako tasa duten herrietako herritarrei zuzendutako neurri "gehigarriak" barne hartzen ditu.
N. B. | Eitb Media
Asteazken honetan sartu da indarrean Eusko Jaurlaritzaren agindu berria koronabirusaren kasuen gorakadari aurre egiteko. Arau berriak ekitaldiak "aldi baterako eteteko edo atzeratzeko" eskatzen die 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako covid intzidentzia-tasa duten udalerriei, baldin eta jarduera horietan ezin bada bermatu prebentzio-neurriak beteko direla. Agindua asteazken honetan argitaratu dute EAEko Aldizkari Ofizialean.
Agindu horretan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan iragarritako neurriak jasotzen dira; izan ere, covid bidezko kutsatzeen kopuruak gora egin du Euskadin azken asteetan, eta intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 14 egunetan 196 kasuko da.
Joan den urriaren 6an kendu ez ziren neurriei eusteaz gain (adibidez, maskararen erabilera), agindu berriak beste jarraibide gehigarri batzuk ezartzen ditu, "beste administrazio publiko batzuen eskumenei eta eskumen horiek gauzatzean hartzen dituzten neurriei zor zaien errespetuaren barruan".
Horrela, honako hau ezartzen du: "Udalerriak 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-egoeran jarraitzen duen bitartean, jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu 2021eko urriaren 6ko Aginduaren eranskinean jasotako prebentzio-neurriak betetzea".
Asteazken honetan argitaratutako aginduan zehazten denez, oinarrizko prebentzio-neurriak betetzea, bereziki maskara erabiltzea, gehien zailtzen duten ekitaldi edo jarduerak dira jarduera horietan jan edo edan egingo dela aurreikusten denean.
– Prebentzio-neurriak mantenduz antolatzen diren ekitaldietan, barruko espazioetan zein aire zabalean, komeni da urruntze-neurriak indartzea, jende-pilaketak saihesteko eta jendea sakabanatzea sustatzeko. Hauek betetzeko ahalegina egingo da:
– Jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak aurreikusten diren lekuetan.
– Igarobide-korridoreak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko.
– Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko espazioak mugatzea.
– Ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzeko ahalegina egingo da. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. COVID-19a harrapatzeko edo transmititzeko arriskua handiagoa da leku itxietan eta jende asko dagoenean.
Aginduak jasotzen du, gainera, Osasun Sailaren webguneak astean bitan zabalduko duela tasen zerrenda udalerrika, eta horren arabera zehaztuko dela aginduak zein udalerriri eragingo dion.
Udalerriek herriko egoeraren berri eman beharko diete herritarrei, eta transmisio handiko egoerak irauten duen bitartean jarraitu beharreko prebentzio-neurriak zabaldu beharko dituzte.
Jarraibideak eta gomendioak
Gainera, asteazken honetan argitaratutako arauak "covid-19aren transmisio handia duten udalerrietako herritarrei zuzendutako jarraibideak" izeneko eranskin bat du.
Eranskin horretan adierazten denez, egoera horretan dauden herrietan, "prebentzio-neurri orokorrez gain, neurri gehigarriak hartu behar dira covid-19aren transmisioa murrizteko".
1.– Txertoa jartzea da babesik onena. Frogatuta geratu da kutsatzen diren txertatutako pertsonek sintoma arinagoak dituztela eta ospitalizazio- eta heriotza-kasuak murrizten direla.
2.– Maskara erabiltzea. Maskara erabiltzea nahitaezkoa da erabilera publikoko barne-espazioetan, bai eta aire zabaleko espazioetan ere, azken horietan ezinezkoa bada 1,5 m-ko tartea gordetzea. Ostalaritza-establezimendu eta jatetxe-zerbitzuetan ere nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
3.– Eskuen higienea. Gomendagarria da eskuak maiz garbitzea, ura eta xaboiarekin edo soluzio hidroalkoholikoekin.
4.– Barne-espazioak aireztatzea. Aireztatzeak airea berritzea dakar, hau da, kutsatuta egon daitekeen barnealdeko airea kanpoaldeko airearekin ordeztea. Hori egitea garrantzizkoa da, barne-espazioetan bilerak egiten direnean bizikide ez diren pertsonekin. Ahal den guztietan, aireztapen naturala egingo da, parez pareko hormetan leihoak eta ateak irekita. Aireztapena artifiziala baldin bada, maximizatu egin beharko da kanpoko airearen sarrera, eta, aldiz, saihestu egin beharko da airearen birzirkulazioa.
5.– Topaketa sozialak kanpoaldean egitea. Aire zabaleko jarduerak dira seguruenak. Ezinezkoa bada topaketak kanpoaldean egitea, geroratzen saiatu behar da, eta hori ere ezinezkoa bada eta barrualdean egiten badira, ziurtatu aireztapena eta maskarak behar bezala erabiltzen direla.
6.– Jende-pilaketak saihestea.
7.– Covid-19arenak izan daitezkeen sintomak dituzten pertsonak eta kasuren baten kontaktua izan daitezkeenak.
Covid-19arenak izan daitezkeen sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna...) dituzten pertsonek edo kasu positiboren batekin kontaktu estua izan dutela susmatzen dutenek ez dute inolako jarduera edo ekitaldi sozialetan parte hartu behar. Bakartu egin beharko dira, maskara kirurgikoa erabili, eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jarri eta jarraibideei jarraitu. Covid-19arenak izan daitezkeen sintomak izanez gero, jarri harremanetan zure osasun-zentroarekin edo Osasun Aholkuarekin, telefono honetara deituta: 900 20 30 50.
8.– Oraindik ere badago arriskua SARS-CoV-2rekin kutsatzeko edo hura transmititzeko, maila apalagoan bada ere, nahiz eta txertoaren pauta osoa jarrita izan. Hori dela eta, funtsezkoa da, txertoa jarrita izan arren, aipatutako prebentzio-jarraibideak betetzea, nork bere burua, gertukoak eta gainerako herritarrak babesteko.
Eskumenak
Iñigo Urkullu lehendakariak udalei gogorarazi die covid-19a saihesteko neurriak euskal administrazioko erakunde guztiekin partekatzen direla, hau da, Jaurlaritzarekin, aldundiekin eta udalekin, baina "bakoitzak jakin behar duela zeintzuk diren bere erantzukizun eta betebeharrak".
Jarduera jendetsuak mantentzeko edo bertan behera uzteko ardura udalena dela jakin ostean zenbait udal agintarik izan duten desadostasun jarreraren inguruan galdetu diote gaur goizean lehendakariari.
Beren udalerrietan datozen egunetarako programatutako ekitaldien inguruko erabakiak eta neurriak hartzen hasi dira dagoeneko udal batzuk.
Hala, Tolosak bertan behera utzi du asteburu honetan egitekoa zen Babarrun Festa, pandemiaren bilakaeraren aurrean "zuhurtziagatik eta arduragatik".
Murgiako Udalak, bestalde, asteburu honetako jaiak bertan behera uztea erabaki du; berez irailean ospatzekoak ziren arren, asteburu honetara atzeratuak zituzten.
Tolosa eta Murgia bi adibide baino ez dira, eta ikusi beharko zer erabaki hartzen dituzten besteak beste, Urretxu-Zumarragan Santa Luzia azokaren inguruan, Eibarren San Andres azokarekin, Durangoko Liburu Azokarekin edo Bilboko eta Donostiako Santo Tomas azokekin.