Gizartea -

Koronabirusa

MOEk ohartarazi du Europan nabarmen hazi dela covid-19ak eragindako heriotza kopurua

Joan den astean, covid-19aren ondoriozko heriotza kopuruak % 5 egin du gora Europan, beste eremu geografiko batzuetan neurri apalagoan egin eta zenbaitetan behera egin badu ere. Alemanian, 52.826 kasu hauteman zituzten atzo, orain arteko marka guztiak hautsita.

Covid-19a saihesteko neurriei buruzko informazio kartel bat Berlinen, Alemanian. EFE
Covid-19a saihesteko neurriei buruzko informazio kartel bat Berlinen, Alemanian. EFE
Covid-19a saihesteko neurriei buruzko informazio kartel bat Berlinen, Alemanian. EFE

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europan covid-19ak eragindako heriotza kopurua % 5 igo zen joan den astean aurreko astearekin alderatuta; hala, azken astean heriotzak gehien igo diren kontinentea bilakatu da, Munduko Osasun Erakundeak argitaratu duen azken txosten epidemiologikoaren arabera. 

Asia hegoaldean eta ekialdean –India barne hartzen duen eremu geografikoan– pandemiarekin loturiko heriotzak % 1 igo ziren, eta % 3, berriz, Afrikan

Gainerako kontinente edo eremu geografikoetan, heriotza kopuruak behera egin zuen. Amerikan, zehazki, % 3 egin zuten behera covid-19aren ondoriozko heriotzek; Pazifiko mendebaldean –Txina barne–, % 5 jaitsi ziren; eta Mediterraneo mendebaldeko eremu geografikoan, % 14

Mundu mailan, pasa den astean 50.000 heriotza gehiago izan ziren, MOEk jasotzen dituen herrialde guztietako jakinarazpenen arabera.

Kutsatze kopuruak % 6 egin du gora mundu mailan. Datuak eskualdeka aztertuta, igoera % 8koa izan da Europan eta Amerikan, eta Afrikatik jakinarazitako kasuak % 33 gutxiago izan dira.

Mundu osoan, 252 milioi kutsatze izan dira 23 hilabetean, birusa Txinan gogor zirkulatzen hasi zenetik gaur arte.

Europan, azken asteko intzidentzia metatua askoz handiagoa izan da (230) beste edozein eskualdetan baino. Amerikan 100.000 biztanleko 74 kasukoa izan da.

Azken astean kasu gehien izan dituzten herrialdeak Estatu Batuak, Errusia, Alemania, Erresuma Batua eta Turkia izan dira.

Alemanian, esaterako, kutsatzeen marka hautsi zen atzo berriro, Robert Koch Institutuak (RKI) jakitera eman duenez.

Herrialde germaniarreko osasun agintariek jakinarazi dutenez, 52.826 kutsatu berri atzeman dituzte azken 24 orduotan; duela astebete, 39.676 izan ziren, eta osteguneko marka hautsi da, 50.196 kasu hauteman baitzituzten orduan. Intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 319,5 kasukoa zen atzo, 312,4koa bezperan, 232,1ekoa aurreko astean eta 66,1ekoa duela hilabete.

Azaroaren 4tik etengabe ari dira Alemanian kutsatze markak hausten, eta ez laugarren olatuari dagozkionak soilik, pandemia osokoak baizik.

Alemaniako Estatuan, herritarren % 70 inguru daude txertatuta. Astelehenera arte, Alemaniako biztanleen % 70,1ek zuten dosiren bat jarrita, eta % 67,6k, berriz, jarraibide osoa zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Alemania Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Txertoak Asia Koronabirusa Maskarak