Gizartea -
KORONABIRUSA
Zer egin behar dut covid ziurtagiria lortzeko Nafarroan?
Txertaketa, errekuperazio edo proba negatiboaren ziurtagiria Internet bidez edo osasun zentrora joanda eskuratu daiteke.
EITB MEDIA
Europar Batasuneko covid-19 ziurtagiri digitala edo osasun pasaportea berrogeialdirik egin gabe herrialde batetik bestera bidaiatzea ahalbidetzen duen agiri unibertsala da.
Horrez gain, hainbat establezimendutan sartzeko ere derrigorrezkoa da sakelako telefonoan gorde daitekeen dokumentu hori erakustea.
Covid ziurtagiri digitala Internet bidez eskuratu daiteke Osasun Karpeta pertsonalean sartuta, Osasunbidearen webgunean. Horretarako ezinbestekoa izango da ziurtagiri digitala, PIN klabea edo osasun txartelaren zenbakia erabiltzea.
Halaber, dokumentua aurrez aurre eskuratzeko aukera ere badago, osasun zentrora edo Osasun Departamentuak Iruñean duen Erregistro Nagusiaren egoitzara joanda.
Hiru motatako covid ziurtagiri daude:
1-Txertaketa-ziurtagiria: Europar Batasunak baimendutako txertoetako baten pauta osoa hartu duten pertsonek soilik eskuratu ahalko dute. Ez du epemugarik.
2-Proba negatiboaren ziurtagiria: Antigenoen proban 48 ordu lehenago eta PCR proban 72 ordu lehenago proba diagnostiko negatiboa izan duten pertsonei zuzenduta dago.
3-Errekuperazio-ziurtagiria: koronabirusa igaro duten pertsonei zuzenduta dago eta gehienez 180 eguneko iraupena izango du, lehen PCR positiboa detektatu zenetik hasita.