Gizartea -
KORONABIRUSA
Eremu gorrian dauden udalerrietan aplikatuko diren murrizketak iragarriko ditu gaur Eusko Jaurlaritzak
Neurri murriztaileak Agurainen, Astigarragan, Azpeitian, Elorrion, Pasaian, Tolosan, Urretxun eta Zumarragan ezarriko dira, distantzia soziala gorde eta jende pilaketak saihestea helburu.
Onintza Aiestaran | EITB Media
Pandemiaren bilakaera eta azken egunetako kutsatzeen kopuruak kontuan hartuta, murrizketa neurriak berriro ezartzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, 400etik gorako intzidentzia metatua duten zortzi udalerrietan aplikatuko diren murrizketak iragarriko ditu gaur Eusko Jaurlaritzak.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prentsaurrekoa eskainiko du gaurko gobernu bileraren ostean, gorrian dauden udalerrietan hartu beharreko neurriak zehazteko. Agerraldia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.
Atzo Osasun Sailak zabaldutako azken buletin epidemiologikoaren arabera, gaur-gaurkoz Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zortzi udalerri daude eremu gorrian, 400etik gorako intzidentzia metatuarekin: Agurain (765), Astigarraga (1.408), Azpeitia (880), Elorrio (416), Pasaia (466), Tolosa (530), Urretxu (497) eta Zumarraga (834).
EAEko intzidentzia metatua 181,8koa da 100.000 biztanleko. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, intzidentzia nabarmen handiagoa da Gipuzkoan (308,5) , Bizkaian (120,5) eta Araban (99,9) baino.
Gaur egun, 114 pertsona daude ospitaleratuta koronabirusagatik, aurreko astean baino 24 gehiago, eta horietako 30 daude zainketa intentsiboetako unitateetan (ZIU), aurreko astean baino sei gehiago. Gainera, 6 pertsona hil dira azken astean koronabirusaren ondorioz.
Iñigo Urkullu lehendakariak atzo aurreratu zuenez, neurri murriztaileen helburua distantzia soziala gordetzea eta jende pilaketak saihestea izango da.