Gizartea -

Asturias

Ardinesen alargunak dio heriotzaren usteko eragileak bere senarraren ohiturak ezagutzen zituela

Epaiketaren zazpigarren saioan, Llanesko IUko zinegotzi Javier Ardinesen alargunak esan du Pedro N.A hilketaren ustezko eragileak susmoa zuela bere emazteak abentura bat zuela zinegotziarekin eta hala jakinarazi ziola berari; gainera, bere senarraren ohiturak ondo ezagutzen zituela azaldu du.

Epaiketako une bat. EFE
Epaiketako une bat.
Epaiketako une bat. EFE

Agentziak | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Llanesko IUko zinegotzi ohi Javier Ardinesen alargunak azpimarratu du, Pedro N.A. haren heriotzaren ustezko eragileak bazuela bere emazteak eta zinegotziak ezkutuko harremana zuten susmoa eta akusatuak ondo ezagutzen zituela bere senarraren ohiturak. Izan ere, ohitura finkoko gizona zen, goizero goizero lanera ordu berean ateratzen zena. 

Oviedoko Auzitegian herri-epaimahaia duen epaiketaren zazpigarren saioan, Ardinesen alargunak adierazi du senarrak eta berak harreman ona zutela Pedro N.A.rekin eta haren emaztearekin (lehengusu txikia du azken hori), eta elkarrekin ateratzen zirela Zornotzatik (Bizkaia) Belmonte de Priara joaten ziren asteburu guztietan; han, oso gertu dauden bien etxeak.

Fiskalaren galderei erantzunez, Ardinesen alargunak esan du senarra ohitura finkoko gizona zela, egunero goizeko seiak edo sei eta erdiak aldera ateratzen zela lanera, eta Pedro N.A.k ezagutzen zituela bere ohiturak eta hark erabiltzen zuen ibilgailua.

Halaber, azaldu du Pedro N.A.k bere emaztearen eta Ardinesen arteko 2017ko abenduko elkarrizketa baten grabazioa helarazi ziola, 2018ko abuztuaren 5ean, hilketa baino hamaika egun lehenago; grabazio horrekin baieztatu zituen ustezko eragileak, bere susmoek ziotena, bere emaztea desleiala zela Ardinesekin. Dena dela, emakumeak azaldu duenez, Pedro N.A.k grabazio hori bidali aurretik ere bazituen susmoak, hala jakinarazi zion behintzat. 

Defentsaren galderei erantzunez, alargunak ezin izan du gogoratu Pedro N.A.k esan ote zion hilketaren egunean, 2018ko abuztuaren 16an, bere etxean zegoela, Zornotzan (Bizkaia); hori da, hain zuzen ere, defentsak absoluzioa eskatzeko aurkezten duen koartada nagusia, akusazioek eskatzen duten 25 urteko zigorraren aurrean.

Ardinesen seme-alabek baieztatu dute euren gurasoek Pedro N.A.rekin eta haren emaztearekin adiskidetasun harreman ona zutela eta elkarrekin antolatzen zituzten bazkari eta afari guztietara joaten zirela.

Alabak, gainera, Pedro N.A.rekin hitz egiten egon zela 2018ko abuztuaren 6an, grabazioa bidali eta hurrengo egunean, eta hark aitortu ziola "lur jota" zegoela. Era berean, aitortu omen zion emaztea hainbat aldiz kontrolatzen zuela "goizaldeko lauretan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
IU Bizkaia Zornotza Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Asturias Erailketak