Gizartea -

SEXU ABUSUAK

Nola funtzionatzen du sexu abusuak pairatu dituzten adingabeei arreta integrala emateko Barnahus ereduak?

Barnahus edo haurren etxea (islandieraz) izenez ezaguna den metodoaren helburua sexu gehiegikerien biktimei arreta integrala eskaintzea da. Gaur egun, Katalunian, AEBn eta Europako hainbat herrialdetan aplikatzen da. Eusko Jaurlaritzak proiektu pilotu bat jarriko du martxan Gasteizen 2022an.

Barnahus edo Haurraren Etxea. Argazkia: Save the Children
Barnahus edo Haurraren Etxea
Barnahus edo Haurraren Etxea. Argazkia: Save the Children

Onintza Aiestaran | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barnahus eredua (islandieraz) sexu abusuak jasan dituzten adin txikikoei arreta integrala eskaintzea dien metodoa da. Barnahus hitzak haurren etxea esan nahi du islandieraz. Gaur egun, Katalunian, AEBn eta Europako hainbat herrialdetan aplikatzen da, eta Eusko Jaurlaritzak proiektu pilotu bat jarriko du martxan Gasteizen 2022an.

Aipaturiko ereduak adingabea jartzen du erdigunean, biktimak gertaturikoa behin eta berriro errepikatu behar izan ez dezan. Polizia-etxera joan beharrean, Barnahus edo haurraren etxera joaten da eta bertan forentseek elkarrizketa egiten diote. Solasaldia grabatu egiten dute eta esku hartzen duten pertsona guztiek zirkuitu itxian ikusten dute. Epaiketa egitekotan, ebidentzia gisa erabiltzen da grabazioa. 

Hainbat ikerketaren arabera, eredu horrek prozesu judiziala arintzen du. Halaber, sexu abusuengatik atxilotutako eta zigortutako pertsonen kopurua areagotzen du; zenbait tokitan, bikoiztu edo hirukoiztu ere egin dira. Ez hori bakarrik, biktima berriro ere biktima bilakatzea eragozten laguntzen du eta eta haurrari eta haren familiari ematen zaien tratua hobetzen du.

Barnahus metodoaren sortzaile den Bragi Gudbrandssonen iritziz, adingabeari entzutea da Barnahus ereduaren muina. Are gehiago, adin txikikoarentzat giro atsegina sortzean haien ahotsak benetan garrantzia duela adierazten zaie.

Biktimaren bidea, pausoz pauso

Adibidez, zer gertatzen da hezkuntza zentro bateko irakasle batek sexu gehiegikeriak pairatu dituen haur bat antzematen duenean? Irakasleak ikastetxeko zuzendaritzari jakinaraziko dio eta horrek programa aplikatuko du. Barnahus eredua aplikatzerakoan, biktimak pertsona gutxiagori kontatu beharko dio gertaturikoa eta berehala arreta espezializatua jasoko du.

Haurraren etxea deituriko gunean, haurren biktimizazioan espezializatutako talde profesionalak (psikologoak, medikuak eta poliziak) artatuko du biktima.

Aldi berean, familiak profesionalen laguntza jasoko du.

Biktimaren adinera egokitutako elkarrizketa-gela batean, talde psikosozial judizial batek elkarrizketatuko du biktima. Norabide bakarreko ispilu baten bidez, epaileak, fiskalak, ikertutako pertsonak eta haien defentsak elkarrizketa jarraitu ahalko dute. Elkarrizketa grabatu egingo da eta froga gisa erabili ahalko da balizko epaiketa batean. 

Ondoren, auzitegiaren aurrean erreproduzituko da froga gisa eta auzitegi horrek hala erabakitzen badu, biktimak ez du auzi saioan parte hartu beharrik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Sexu erasoak gaur