Gizartea -
SEXU INDARKERIA
EAEko bost adingabetatik bat sexu gehiegikeriaren biktima izan daiteke
Sexu indarkeriaren biktima diren adin txikikoek jasotako arretak, erantzunak eta babesak garrantzia handia dute haren garapenean. Horri lotuta, Eusko Jaurlaritzak Barnahus ereduan oinarritako proiektu pilotu bat jarriko du martxan 2022an Gasteizen.
Onintza Aiestaran | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan sexu gehiegikeriaren biktima izan diren adin txikikoen kopurua % 20 ingurukoa izan daitekeela ohartarazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Horren arabera, 18 urtez azpiko 2.000-4.000 biktima inguru egon daitezke.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek emandako datuen arabera, 2018an adin txikikoen aurkako 90 sexu indarkeria kasu atzeman zituzten. Urte horretan bertan, 151 heldu zigortu zituzten adingabeen aurkako sexu delitua leporatuta. Gainera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek 16 urtetik beherakoen aurkako 276 sexu delitu erregistratu zituzten.
Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak eta Eusko Jaularitzak antolatutako jardunaldian parte hartu du Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Gaurko saioan Save The Children erakundeak aurkeztutako "Teilatu beraren azpian: Euskadin sexu-indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeentzako arreta; hobetzeko beharrak eta Barnahus ereduaren ekarpenak" izeneko txostena eztabaidatu dute.
Gaur egun, sexu abusu kasu bat hautematen denean hiru urte iraun dezakeen prozesu luze eta korapilatsu bat jartzen da abian. Sexu gehiegikeriaren biktima denak gutxienez zortzi aldiz kontatu behar izaten dio gertatukoa pertsona ezberdin bati.
Save The Children erakundeak azaldu duenez, gaur egun sexu gehiegikeriaren biktimak artatzeko 600 sarrera puntu inguru daude EAEn. Espazio horien artean ez dago koordinaziorik eta gainera gune arrotzak dira adin txikikoentzat, horien errekuperazioa zailduz.
Gobernuz kanpoko erakunde horren ustez, egun indarren dagoen sistemak kalte egiten dio prozesu judizialari ere. Haurrak behin eta berriro kontatu behar izaten du gertatutakoa, biktima berriro ere biktima bilakatuz. Bestalde, adingabeei sexu abusuak egiteagatik abiatutako 10 auzibidetatik 7 ez dira epaiketara iristen, froga faltagatik.
Barnahus ereduan oinarritako proiektu pilotua Gasteizen
Beatriz Artolazabal sailburuak iragarri duenez, Barnahus ereduan oinarritako proiektu pilotu bat jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak Gasteizen. 2022an hasiko da eta bi urteko iraupena izango du.
Metodo hori ezartzeak ez du aparteko inbertsiorik egitea eskatuko Save The Childrenen arabera. Dauden baliabideak modu egokian banatzea omen da kontua. Orain modu bereiztuan lan egiten duten profesionalak elkarrekin lan egitera igaroko dira.