Gizartea -

GIPUZKOA

A-15aren Gipuzkoako zatia itxi egingo da 700 metrotik behera elurra iragartzen dutenean

Ibilgailu astunek N-I errepidea edo Sakanako autobidea erabili beharko dute, eta arinek Berastegitik Tolosara doan GI-2130 errepidea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Neguko Bidezaintza Plana azaroaren 15ean sartuko da indarren. Aurten 87 kamioi eta 11.400 tona gatz izango dira eskura.

Elurra kentzeko makina. Artxiboko argazkia. EFE
Elurra kentzeko makina. Artxiboko argazkia. EFE
Elurra kentzeko makina. Artxiboko argazkia. EFE

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2021-2022 Neguko Bidezaintza Plana eta plan horretan bada, bereziki nabarmentzen den neurri bat. Izan ere, A-15 errepidearen Gipuzkoako alde itxi egingo da elur-arriskua 1. mailakoa edo handiagoa den aldiro. Egoera horretan, ibilgailu astunek N-I errepidea edo Sakanako autobidea erabili beharko dute, eta arinek Berastegitik Tolosara doan GI-2130 errepidea.

Hala iragarri du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta gaineratu du erabaki hau hartu dela Belabietako tunelen estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko obrak martxan daudelako, eta elurra kentzeko kamioiek ezin dutelako ibili trafiko-desbideratzeetarako erabiltzen diren errepideetatik.

Oiarbidek azaldu duenez, «erabat itxiko dira, ibilgailu guztientzat, bi galtzadak, Berastegiko lotunearen eta Andoaingo lotunearen artean, betiere Euskalmeten alertek elurra iragartzen badute 700 metrotik behera». Halakoetan, ibilgailu astunak N-I errepidetik edo Sakanako autobidetik joan beharko dira eta arinek Berastegitik Tolosara doan GI-2130 errepidea erabili ahal izango dute.

Andoain-Iruñerako galtzada Andoainen moztuko da, eta ez zaio inori pasatzen utziko. Iruña-Andoain norabideko galtzada errei batera estutuko da Berastegiko lotunearen inguruan, eta ibilgailuak lotunera desbideratuko dira. Bertan, Ertzaintzak Nafarroarantz A-15 errepidetik bideratuko ditu ibilgailu astunak.

Era berean, Oiarbidek azaldu du A-15a ixten denean, han lanean aritzen diren ibilgailu eta langileak errepide eta zeregin batzuetan laguntzera bideratuko direla: Berastegi-Leitza bide zatia garbi mantentzera, GI-2130 bidearen mantenu lanetan laguntzera; N-1eko lanetan laguntzera eta moztutako A-15aren zatia ahalik eta garbien mantentzera, elur asko pilatu ez dadin, ireki behar den garaian ahalik eta arinen ireki ahal izateko. 

87 kamioi eta 11.400 tona gatz

Neguko Bide Plana azaroaren 15ean sartuko da indarrean, apirilaren 15era arte, eta Meteorologiako Euskal Agentziak izotza (edozein mailatan) edo elur abisuak (1.000 metrotik behera) ematen dituenean aktibatuko da. 

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur zehaztu duenez, Planak Aldundiaren eta Bidegiren 87 kamioi izango ditu, eta horiei, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-I eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak gehituko zaizkie. Garabi horiek ibilgailu astun batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko dira.

Oiarbidek jakinarazi du Planera bideratutako 3,1 milioiez gain, beste 1,7 milioi euro bideratuko direla (4,8 milioi guztira), Bergaran kokatutako neguko bide-zentro berria eraikita. Silo berri honi esker, 11.400 tona gatz pilatu ahal izango dira, 39 gordetegitan. 

Denen ardura

Bidezaintza Planaren helburua da lurraldeko errepide sarea baldintza egokietan edukitzea: izotzik gabe eta elurrik gabe. Hala eta guztiz ere, diputatuak azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta, ahal den neurrian, arriskuak saihestea. «Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hartu beharra izanez gero, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin», azpimarratu du Oiarbidek.

Ibilgailu astunak gidatzen dituztenei zuzendu zaie Oiarbide, eta gogorarazi die elurra dagoenean guztiz debekatuta dagoela beste ibilgailuak aurreratzea eta ezkerreko erreitik joatea.  Halere, gaineratu duenez, «eskaera hori gainerako ibilgailuen gidariei ere egiten diet: errepidea egoera txarrean dagoenean, komeni da ezkerreko erreia libre uztea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten», amaitu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Nafarroa Tolosa Gizartea Eguneko albisteak Andoain Albisteak N-1 A-15 autobia Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa