Gizartea -
European University Gasteiz
Legebiltzarrak argi berdea eman dio Euneizi unibertsitate pribatu gisa
EHUko sindikatuek eta EHUko Ikasle Kontseiluak Legebiltzarraren aurrean salatu dutenez, "unibertsitate publikoaren eta guztion diruaren aurkako erasoa izan da".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak Euneiz unibertsitate pribatu gisa onartzeko legeari argi berdea eman dio ostegun honetan. Campusa kirolarekin, osasunarekin eta teknologia berriekin lotuta egongo da, lau urteko bost gradu unibertsitario eskainiko ditu, eta Gasteizen egongo da, Salburua aldean.
EAJ, PSE-EE, PP+Cs eta Vox alderdien babesarekin atera da aurrera testua, eta azpimarratu dute proiektuak aberastasuna eta ezagutza sortzen lagunduko duela; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk, aldiz, kontra bozkatu dute, legeak "irabazi-asmoa" duen zentro bati ateak irekitzen dizkiolako eta legezko "baldintzak betetzen ez dituelako".
Horrela, Ganberako osoko bilkurak bere oniritzia eman dio European University Gasteiz (Euneiz) unibertsitateari.
Bien bitartean, sindikatuek eta ikasleek protesta egin dute Alaves-Baskoniak sustatu duen unibertsitate pribatuaren proiektuaren aurka. LAB, Steilas, CCOO, ELA, CGT/LKN eta ESK sindikatuek eta EHUko Ikasleen Kontseiluak elkarretaratzea egin dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, unibertsitate hau aitortzeak "gabezia" handiak dituen proiektu pribatu batek berez "nahikoak ez diren" funts publikoak eskuratzea ahalbidetuko duela salatzeko.
Gauzak horrela, Euneiz 2022an martxan jartzea aurreikusita dago, eta kirolarekin, osasunarekin eta teknologiarekin lotutako arloetan oinarrituko da; hori "unibertsitate publikoaren eta guztion diruaren aurkako eraso larria" dela salatu dute.