Gizartea -
Gabonetako Loteria 2021
Noiz estreinatuko dute 2021eko Gabonetako Loteriaren iragarkia? Ordutegia eta non ikusi
Gaur estreinatuko dute 2021eko Gabonetako Loteriaren iragarkia. Kontsultatu jarraian zein ordutan eta non ikusi.
EITB MEDIA
Gaur, osteguna, azaroak 11, 11:30ean, Gabonetako Loteriaren iragarkia estreinatuko dute. Hala, Loterias y Apuestas del Estado erakundeak goizean aurkeztuko du Gabonetako Loteriaren iragarkia.
Gabonetako Loteriaren iragarkiak beti sortzen du ikusmin handia jendearengan. 2021eko Gabonetako Loteriaren inguruan, Loterias y Apuestas del Estadoko presidente Jesus Huertak adierazi du goizegi dela jakiteko nolako salmentak izango diren aurten, kontuan izanik salmenta gehienak azaroan eta abenduko lehen hamabostaldian egiten dituztela, baina zehaztu du ez dela 2020koa bezalakoa izango, normaltasuna baitago.
2021eko abenduaren 22an egingo dute Gabonetako Loteriaren zozketa, Madrilen. Valentziako Loterias Castillo administrazioaren arabera, 2021ean eskakizunik handiena duten zenbakiek gaurkotasunarekiko lotura dute; hain zuzen, 80121 eta 19921 dira, hau da, 'Filomena' denboralea Madrilen hasi zen data, eta La Palmako sumendiaren erupzioaren lehen egunaren data, hurrenez hurren.
Gainera, Paris Saint-Germain talde frantziarrak fitxatu zuenez, Leo Messi futbolariak orain 30 zenbakia du elastikoan; hori dela eta, 00030 dezimoa ere askok eta askok eskatu omen dute.
Gabonetako Loteriaren iragarkiaren historia eta bitxikeria batzuk
Gabonetako Loteriaren salmentari bultzada ematea helburu, Loterias y Apuestas del Estadok, udan, lehen iragarkia zabaldu zuen. Horretan, umorez, erakundeak nabarmentzen zuen ahots-laguntzaileek hainbat gauza dakizkitela, eta zenbait unetan direla lagungarriak, baina ez dakitela Sari Potoloa non irtengo den, eta, beraz, komeni dela dezimoren bat ahalik eta toki gehienetan erostea, badaezpada ere.
Gabonetako Loteriaren iragarkiak tradizio handia du, baita historia luzea ere. Baliteke ospetsuenak izatea "Loteriako Burusoila" izenekoa agertzen ziren horiek; izan ere, 1998tik 2005era, Clive Arrindell aktorea izan zen kanpainetako protagonista, eta pertsonaia magikoa balitz bezala agertzen zen, Gabonetako espiritua guztioi helarazten.
2014ko kanpaina ere egin zen oso ospetsu. Urte hartako iragarkia taberna batean zegoen kokatuta; bertan, hainbat bezero oso pozik zeuden, Gabonetako Loterian saria irabazita, eta gizon bat zegoen, goibel, saritutako dezimorik ez baitzuen, nahiz eta tabernako bezeroa zen. Azkenean, tabernako jabeak, gizonaren laguna bera, dezimo bat zuen gordeta azken horrentzat, eta saria partekatu ahal izan zuen berak ere.
2013koa ere izan zen oso ospetsua, kasu honetan kritikak jaso zituelako. Pablo Berger zinemagileak zuzenduta, hainbat artista agertzen ziren bertan: besteak beste, Montserrat Caballe, Raphael, Niña Pastori eta David Bustamante.
Hala, Gabonetako Loteriaren iragarkia gaur aurkeztuko dute, 11:30ean. Gerora, eitb.eus-en izango da ikusgai.