Gizartea -
Auzitegi Konstituzionala
Bigarren alarma-egoeraren sei hilabeteko luzapena arrazoizkoa izan ez zela ebatzi du Konstituzionalak
Hala ere, Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu kutsatzeak geldiarazteko ezarri zituzten beste hainbat neurri murriztaile, tartean etxeratze-agindua, erkidegoen edo udalerrien itxiera eta edukiera mugak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi du pandemiari aurre egiteko 2020ko urrian ezarri zen bigarren alarma-egoera ez zegoela justifikatuta eta sei hilabetez luzatuta Kongresuaren kontrolerako eskumena urratu zela.
Konstituzionalak urriaren 27an eman zuen epaiaren berri eta gaur ebazpenaren xehetasunak azaldu dituzte. Espainiako Gobernuaren dekretuaren aurkako helegitea Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztu zuen eta epaimahaiak partzialki onartu egin du. Erabakia ez dute aho batez hartu, sei magistratuk eman baitute aldeko botoa eta lauk kontrakoa.
Epaiaren arabera, bigarren alarma-egoera sei hilabeterako luzatu zutenez, epealdi horretan Diputatuen Kongresuari kendu egin zitzaion "Gobernuaren jarduera ikuskatzeko eta fiskalizatzeko duen eskumena".
Horrez gain, sei hilabeteko luzapen hura koherentziarik gabe eta behar bezala justifikatu gabe egin zela azpimarratu dute. Halaber, denbora tarte horretan zein neurri ezarri behar zituzten eta noiz arte egongo ziren indarrean zehaztu ez zutela kritikatu dute.
Gauzak horrela, sei hilabeteko luzapena arrazoizkoa edo bidezkoa izan zela esateko argudiorik ez dagoela ondorioztatu dute. Ildo horretan, magistratuek berretsi dute gakoa ez dela sei hilabeteko iraupena, baizik eta epealdi hori ezartzeko arrazoiak eman ez zituztela.
Bestalde, Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu koronabirusaren hedapena geldiarazteko garai hartan ezarri zituzten beste hainbat neurri murriztaile, hala nola etxeratze-agindua, erkidegoen edo udalerrien itxiera eta edukiera mugak, eremu pribatuan nahiz publikoan.