Gizartea -

KORONABIRUSA

Nafarroak 124 koronabirus kasu atzeman ditu egun batean, abuztu amaieratik izandako daturik altuena

Foru Gobernuak aitortu du "kezkaz" ikusten duela igoera hori, eta zehaztu du ez duela "inolako egoerarik ixten" epe labur edo ertainean eta Gabonei begira har daitezkeen neurriei buruz.

Jendea Iruñeko terrazetan. Argazkia: EFE.
Jendea Iruñeko terrazetan. Argazkia: EFE.
Jendea Iruñeko terrazetan. Argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutsatzeen kopuruak gora egiten jarraitzen du Nafarroan, 124 koronabirus kasu berri atzeman baitituzte azken orduetan, Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera. Foru Erkidegoak ez zituen 100 positibo baino gehiago detektatzen abuztuaren 31tik, orduan 139 erregistratu baitziren.

Gainera, Nafarroak 423 positibo izan ditu azken astean (urriaren 31tik azaroaren 7ra), aurreko astean baino 135 gehiago.

Nafarroako Gobernuak asteazken honetan aitortu du "kezkaz" ikusten duela igoera hori, eta herritarrei dei egin die "erantzukizunez" joka dezaten, bereziki barruko espazioetan, murrizketarik ez ezartzeko.

Javier Remirez Foru Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, "egoeraren bilakaeraren arabera ikusiko dute zer beste neurri hartzen diren, eta zehaztu du ez dutela "inolako egoerarik ixten" balizko neurriak hartzeari buruz, epe labur edo ertainean eta Gabonei begira.

Nafarroako espazio jakin batzuetara sartzeko covid pasaportea eskatzeko aukerari dagokionez, Javier Remirezek berretsi du Foru Gobernuak ez duela "inolako agertokirik" ixten.

Hala ere, ospitaleetako egoerak normala izaten jarraitzen du: 29 pertsona daude gela arruntetan eta sei zainketa intentsiboetako unitateetan, asteleheneko datuen arabera. Datu horiek ez dira aldatu azken asteotan, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuak gogorarazi duenez.

Horren harira, Remirezek esan du ospitaleratzeak "batez ere txertorik jaso ez duten pertsonengan edo txertoa hartuta beste patologia batzuk dituztenengan" gertatzen ari direla.

"Gaur egun, Nafarroako Gobernuak ez du beste agertoki bat aurreikusten, herritarren erantzukizunari berariaz dei egitea baino, bereziki espazio itxietan, maila publikoan zein pribatuan, non benetan egiaztatzen baita kutsatzeko arrisku handiagoa dagoela", azaldu du Remirezek, eta, horregatik, maskararen erabileran eta segurtasun distantziarekiko errespetuan eragin du.

Gainera, Foru Gobernua 70 urtetik gorako pertsonei indartze-dosiarekin txertoak jartzeko egiten ari den lana azpimarratu du. "Dosi hori modu egokian ezartzen ari da, eta horrekin jarraituko dugu", gaineratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea Osasun-larrialdi egoera amaitu da