Gizartea -

Migrazioa

Irunera egunero iristen diren migratzaileen kopurua bikoiztu egin da

Irungo Harrera Sareak Frantziako Gobernuak "legez kanpoko kontrolguneak" jarri dituela salatu du, "migratzaileak beste bide arriskutsuago batzuk hartzera behartzen dituztelako". Dagoeneko hiru pertsona hil dira Bidasoan.

Irungo Harrera Sareak egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Irungo Harrera Sareak egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE
Irungo Harrera Sareak egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, azken asteetan bikoiztu egin da egunero udalerri horretara iristen diren migratzaileen kopurua. Egunero 25-30 migratzaile heltzen dira Irunera.

Ohar baten bidez, Frantziako Gobernuak Hendaia eta Irun artean jarri dituen polizia-kontrolak salatu ditu, "legez kanpokoak" direlako eta migratzaileei "antsietatea eta desesperazioa" eragiten dielako; izan ere, "beren bidaiarekin jarraitu ahal izateko beste bide batzuk aukeratu behar dituzte euren bizitzak arriskuan jarrita". Ildo horretan, Bidasoan hiru migratzaile hil direla gogoratu dute.

Horrez gain, Irungo Gurutze Gorriaren zentroaren kudeaketa kritikatu dute, migratzaileek gehienez hiru gau igaro ditzaketelako bertan.

"Koktel horren nahasketa oso arriskutsua da migratzaileen segurtasunerako, arrisku handiko erabakiak hartzera bultzatzen dituztelako", erantsi dute.

Gauzak horrela, Frantziako Barne Ministerioak jarritako "legez kanpoko kontrolguneak" kentzeko exijitu dute, eta euskal erakundeei migratzaileak babesteko neurriak har ditzatela eskatu diete, "baldintzak betetzen ez dituztela aitzakiatzat erabiltzeari utzita".

"Mugan blokeoak jarraitzen duten bitartean, migratzaileak ezin dira kalean lo egitera edo beren bizitza arriskuan jartzera behartu", azpimarratu dute.

"Ez dugu heriotza gehiagorik nahi Bidasoan. Ez dugu aiene gehiagorik nahi. Onartezinak dira erakundeen aldetik azkenaldian entzun ditugun aitzakiak eta adierazpenak", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Errefuxiatuak Lapurdi Frantziako Gobernua