Gizartea -

COP26

Glasgowko lehen zirriborroa 'oso ahula' da Greenpeaceren arabera, fosilak ezabatzeaz ez duelako hitz egiten

Idatziaren berri izan ostean, gobernuz kanpoko erakundeak erregai fosilak ekoizten dituzten herrialdeei aurre egiteko eskatu diete negoziatzaileei, hala nola Saudi Arabiari eta Australiari, eta azken akordioak erregai fosilak ezabatzeko konpromisoa hartzen duela ziurtatzeko.

Greenpeacen protestetako bat. Artxiboko irudia. Greanpeace
Greenpeacen protestetako bat
Greenpeacen protestetako bat. Artxiboko irudia. Greanpeace

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

COP26 ofizialki amaitzeko bost egun falta direnean, Glasgowko Adierazpenaren lehen zirriborroaren testua "oso ahula" dela iritzi dio Greenpeacek; izan ere, ez du erregai fosilak ezabatzeaz hitz egiten, eta hori "funtsezkoa" da hemendik mende amaierara bitartean planetako tenperatura 1,5 ºC igotzea lortzeko.

Horregatik, negoziatzaileei eskatu die adierazpena blokeatzen ari direnei, Saudi Arabia edo Australia kasu, aurre egiteko eta azken akordioan erregai fosilak ezabatzeko konpromisoa hartzeko.

Urteak daramatza Greenpeacek goi-bilera horietan behatzaile gisa parte hartzen, eta astelehenean ezagutu du akordioaren lehen zirriborroaren testua. Gobernuz kanpoko erakundea kritiko azaldu da idatziarekin; izan ere, nahiz eta adituek adostu duten beharrezkoa dela ikatza, petrolioa eta gasa berehala desagerraraztea 1,5 ºC-ko Parisko Akordioaren helburuak betetzeko, testuak "ez du inolako aipamenik egiten" erregai fosilak pixkanaka ezabatzeari buruz.

Erakundetik adierazi dutenez, lehen zirriborroa anbizio handikoa izaten da normalean, eta bigarren astean ahultzen joaten da. Hori dela eta, lehen zirriborroa hain ahula izateak "ez du ezer onik iragartzen", eta horren aurrean oso kezkatuta daude ekintzaileak.

Gauzak horrela, negoziatzaileei  eskatu diete aurre egiteko erregai fosilak ekoizten dituzten herrialdeei, hala nola Saudi Arabiari eta Australiari.

Jennifer Morgan Greenpeace Internationaleko zuzendari exekutiboak kritikatu duenez, erregai fosilak aipatzen diren bakoitzean, herrialdeek blokeatu egiten dituzte elkarrizketak. Planetako tenperatura 1,5 ºC igotzea lortzeko erregai fosilak guztiz ezabatu behar direla azpimarratu du.

Era berean, gogorarazi du negoziatzaileek bost egun baino ez dituztela krisi klimatikoari aurre egiteko eta azken testua zehazteko oinarria izango den akordioa lortzeko.

Erakundearen arabera, orain arte COP26 goi-bileran "hutsune handiak dituzten borondatezko akordioak" baino ez dituzte iragarri herrialdeek. Gainera, hurrengo bi goi-bilerak Egipton eta Arabiar Emirerri Batuetan egingo direla kontuan hartuta, ekintzaileek ez dute argi oraingoan erregai fosilak deuseztatzeko konpromisoa hartuko ote den.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Australia Larrialdi klimatikoa 2024 Itun berde berria Saudi Arabia