Gizartea -
Sexu-abusuak
Frantziako Elizak bere ondasunak salduko ditu, pederastiaren biktimei kalteordainak emateko
Ikerketa batzorde independente baten arabera, 1950etik 216.000 pertsonak baino gehiagok sufritu zituzten sexu-gehiegikeriak Frantziako Elizaren baitan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako gotzainen batzarrak iragarri du bere ondasunak salduko dituela pederastiaren biktimei kalte-ordainak emateko, eta horrekin nahikoa ez balitz, mailegu bat eskatuko duela erantsi du.
Ikerketa batzorde independente baten arabera, 1950etik 216.000 pertsonak baino gehiagok jasan zituzten sexu-gehiegikeriak Frantziako Elizaren baitan, gehienak adin txikikoak.
Apezpikuen batzarra egin zuten joan den astean Lourdesen eta auzi hori izan zen eztabaidagai nagusia.
Gotzainak beren kotizazioen zati bat sexu-abusu horien biktimen kalteordainak ordaintzeko bideratzen hasi ziren, baina gaur onartu dute ez dela nahikoa eta beste neurri batzuk hartu beharko dituztela biktima guztiengana heltzeko.
Zenbat diru beharko duten ez dute argitu, baina Elizaren ondasunak salduko dituztela jakinarazi dute eta ziurtatu dute ez dutela fededunengandik jasotako dohaintzen bidez egingo.