Gizartea -
COP26
Justizia klimatiko eta soziala eskatu dute 100.000 lagunek Glasgowen, buruzagi indigenak aurrean zirela
Nazio Batuen Erakundearen Klimaren goi bilerak bide erdia egin duen honetan, protestak izan dira gaur munduko 200 hiritan. Euskal Herrian, Donostian eta Bilbon bildu dira aktibistak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Milaka lagun, 100.000 antolatzaileen arabera, bildu dira larunbat honetan Glasgowen, Justizia Klimatikoaren Nazioarteko Egunaren baitan, manifestazioan. Indigenak martxaren buruan zirela, justizia klimatikoa eta soziala aldarrikatu dute.
"Hemen gauden guztiak ez gara geure buruagatik bakarrik ari: animaliengatik, landareengatik, eta mundu izpiritualagatik ere bagaude. Izarrek lagun egiten digute bidean (...) Ez dago mugarik, ez dago erlijiorik, ez dago kolorerik. Familia handi bat gara, gizakien familia" adierazi du Calfin Lafkenche maputxe txiletarrak manifestazioaren hasieran.
Izan ere, "jatorrizko herriei" eman nahi izan diete gaur antolatzaileek protesten protagonismoa, klimaren inguruko aktibismoaren sinbolo orokortzat. "Indigenismoa klima da. Herri indigenak natura dira, espazioak dira, mundu guztiak arnasa hartzea babesten dutenak. Ez dago beste aukerarik. Natura gara. Aitortza apur bat izaten ari gara baina asko falta da oraindik" hausnartu du Lafkenchek.
Eguerdian egin dute klimaren inguruko martxa erraldoia COP26 bilera ospatzen ari den ingurutik gertu. Festa giroan egin dute manifestazioa, familia ugari izan dira bertan eta mundu mailako leloak entzun dira, kapitalismoaren aurka, haragia jatearen aurka, energia nuklearraren aurka eta errefuxiatu politikoen alde, besteak beste.
View this post on Instagram
Manifestazio horrekin batera, protestak izan dira mundu osoko beste 200 hiritan ere, Euskal Herrian tarteko. Goizean, mosaikoa egin dute Donostian eta arratsaldean, ehunka lagunek parte hartu dute Bilbon "Ez dago denborarik. Justizia klimatikoa orain!" lelopean egin duten manifestazioan. COP26 Aldaketaldia mugimenduak antolatuta, hainbat talde ekologistek, sindikatuk, gazte mugimenduk eta auzo elkartek babestu dute martxa. "Erraustea ez da birziklatzea" zioten kartelak, supersur errepidea handitzearen kontrakoak eta antzeko leloak zeramatzaten afixak erakutsi dituzte manifestariek.
Atzo 25.000 gaztek hartu zuten parte Glasgow egin zen beste manifestazio handi batean. Bertan izan ziren Greta Thumberg eta Vanessa Nakate, klima aldaketaren aurkako borrokan erreferente bilakatu direnak, eta "bla bla bla"rekin amaitzeko eta irtenbideak emateko eskatu zuten beste behin ere.
Jaurlaritzak berretsi egin du biodibertsitateari buruzko Edinburgoko Adierazpena
Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, berretsi egin du, larunbat honetan, berretsi egin du iaztik parte den biodibertsitateari buruzko Edinburgoko Adierazpena. Gainera, aurten Gasteizko Udala ere batu zaio.
Ingurugiro, gizarte eta ekonomia erresilientzia handiago lortzeko bidean, tokian tokiko gobernuek mundu mailako testuinguru berrian biodibertsitate helburuak betetzeko egiten duten lana aitortzeko eskatzen du adierazpenak.
Adierazpenari atxikitako 200dik gora tokian tokiko gobernuk parte hartu duten ekitaldiaren aurretik, Arantxa Tapia Jaurlaritzaren Garapen Ekonomikorako, Iraunkortasunerako eta Ingurugirorako sailburuak, Udalsarearen eta Regions 4 aliantzaren presidente gisa, batzarra egin du Mairi McAllanekin, Eskoziako Ingurugiro eta biodibertsitate ministroarekin, eta Jyoti Mathur-Fillip NBEren Biodibertsitate Aniztasun Hitzarmena ezartzeko zuzendariarekin.
Batzar horretan garapena eta biodibertsitatea uztartzeaz hitz egin dute, hazkunde iraunkorra eta ingurugiro bermea duen enpleguaren sorkuntza hizpide.
EAEko lurraldearen % 23 inguru dago babes motaren baten pean, bereziki Natura 2000 sarearen barruan.
Maria Chivite Nafarroako presidentea ere Glasgowen izan da
Maria Chivite presidentea buru duen Nafarroako ordezkaritza bat klimaren goi-bileran izan da, "nazioarteko hainbat forotan hartutako konpromiso klimatikoa berresteko".
"Nafarroa ingurumen-politiketan aurreratuta dagoen eskualdea da, eta duela hiru urtetik hona Klimaren aldeko Ekintza Plan bat du, baita Egokitzapen Plan bat ere, Batzordeak finantzatutako Europako lehen Life integratua izan zena", azaldu du Gobernuak.
Foru Erkidegoak ahotsa izango du kide den nazioarteko bi saretan. Batetik, presidenteak Regions 4 sarearen bi topaketetan parte hartuko du azaroaren 8an, astelehenean, eta bertan aurkeztuko dute COP 26rako eskualdeetako gobernuen adierazpena. Bestalde, Itziar Gomez Ingurumen sailburuak Under2 Coalitionen Batzar Nagusian parte hartuko du bihar, igandea, sare horren bilera batean.