Gizartea -
koronabirusa
Pfizerren aho-antibiralak % 89 murriztuko luke covid-19ak eragindako ospitaleratze edo heriotza arriskua
'PAXLOVID' onartuko balitz, bere motako lehen aho-antibirala litzateke eta etxeko tratamendu gisa eman ahalko litzateke gaixotasunaren larriagotzea, erietxeratzeak eta heriotzak murrizteko, bai eta, behin kutsatuta, besteak kutsatzea saihesteko ere.
O.P. | Eitb Media
Pfizerrek iragarri du bere aho-antibiral berria izateko hautagai den PAXLOVID pilulak nabarmen jaisten duela covid-19agatik ospitaleratu beharraren edo hiltzearen arriskua.
2/3 fasean dagoen azterketaren behin-behineko analisi ausazkotu eta itsu bikoitzaren arabera, botikak erakutsi du % 89 murrizten dituela covid-19aren ondoriozko ospitaleratzeak eta heriotzak, sintomekin hasi eta lehen hiru egunetan plazeboa hartu zuten gaixoekin konparatuta.
PAXLOVID jaso zuten gaixoen % 0,8 ospitaleratu behar izan zituzten ausazko frogatik 28 egunera (389tik 3 erietxeratu, hildakorik ez); aldiz plazeboa hartu zutenen kasuan, % 7 izan ziren erietxeratu beharra izan zutenak edo hil zirenak 385etik 27, eta zazpi lagun hil egin ziren.
Datuen Jarraipen Batzorde independente baten gomendioz, eta AEBko Elikagai eta Botiken Administrazioari (FDA) kontsulta egin ostean, Pfizerrek baimena emango du gaixo gehiagok parte hartu dezaten ikerketan, frogatu den "eraginkortasun itzela" aintzat hartuta. Horregatik, AEBn botikaren baimena lortzeko datuak "ahal bezain lasterren" aurkeztu ahal izatea espero du laborategiak.
"Gaurko albisteak aldaketa handia dakar pandemiaren izurriari aurre egiteko mundu osoa egiten ari den ahaleginean. Datua hauek erakusten dute, gure aho-antibiral hautagai hau onartuko balitz, gaitasuna duela gaixoen bizia salbatzeko, larritasunak murrizteko eta hamar ospitaleratzetik bederatzi saihesteko", ziurtatu du Albert Bourla Pfizerreko presidente eta zuzendariak.
Onartzen edo baimentzen bada, PAXLOVID mota horretako lehen aho-antibirala izango litzateke, berariaz diseinatutako SARS-CoV-2-3CL proteasaren inhibitzailea. Gainera, garapen klinikoko prozesua gainditu, eta onespena lortuko balitz, modu zabalagoan agindu ahal izango litzateke etxeko tratamendu gisa, gaixotasunaren larritasuna, ospitaleratzeak eta heriotzak murrizten laguntzeko, bai eta behin kutsatuta, besteak kutsatzeko aukerak murrizteko ere.
Gainera, 'in vitro' azterketetan, botikak aktibitate antibiral handia erakutsi du zirkulazioan diren aldaera esanguratsuenen aurka, baita beste koronabirus ezagun batzuen aurka ere, eta horrek iradokitzen du potentziala duela koronabirus bidezko infekzio mota askotarako terapia gisa.
Atzo, Erresuma Batuak covid-19aren aurkako lehen pastilla antibirala, molnupiravirra, erabiltzea onartu zuen, test batean positibo eman duten eta gutxienez gaixotasun larri bat garatzeko arrisku-faktore bat duten pazienteekin erabili ahal izango dena.