Gizartea -
Jarraibide berriak
Hauek dira San Tomas bezalako merkatu eta azoka tradizionalek bete beharko dituzten covidaren aurkako neurriak
Gabonetako merkatu eta azoka tradizionalek postuak elkarren artean banatu eta jai-gune berriak prestatu beharko dituzte. Gainera, ez da katxirik egongo erabilera partekatua saihesteko. EAEko hurrengo azoka handia Santa Lutzikoa izango da, Urretxu-Zumarragan.
Naiara Ballesteros | EITB Media
Osasun Sailak covid-19aren aurkako prebentzio-irizpideak ezarri ditu merkatu eta azoka tradizionalak egiteko, hala nola San Tomasekoa.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak covid-19aren hedapena prebenitzeko osasun neurriak argitaratu ditu gaur, urte sasoi honetako merkatu eta azoka tradizionalak direla eta.
Honako hauek dira prebentzio-neurriak:
· Postuentzako azalera handitzea eta, horretarako, jai-gune berriak prestatuko dira udalerrietako hainbat eremutan.
· Postuak elkarren artean banatzea, horien aurrean pilaketak murrizteko. Azoka-eremu bakoitzean, postu-kopurua % 25-30 murriztea.
· Azoka-eremuetan, joan-etorrietarako korridoreak egokitzea, pertsonen fluxu antolatua izateko.
· Elikagaiak eta edariak kontsumitzen diren guneak korridore horietatik kanpo egoteko moduan jartzea txosnak.
· Edariak edukiera handiko basoetan –esaterako, katxietan– ez komertzializatzea eta zerbitzatzea, haien erabilera ez partekatzeko.
· Postuetan gel hidroalkoholikoa izatea, jendeak erabil dezan.
· Maskara erabiltzea nahitaezkoa dela gogoraraztea (ohar eta kartelen bidez).
Baldintza horiekin EAEn ospatuko den lehen azoka handia Santa Lutzikoa izango da, Urretxu-Zumarragan, abenduaren 13an.