Gizartea -
EPAIKETA
Ardinesen hilketaren auzia "itxita" dagoela uste du Guardia Zibilak
Llanesko zinegotziaren hilketaren epaiketaren hirugarren saioan, ikerketa bere gain hartu zuten Gijongo Komandantziako agenteek deklaratu dute, eta krimena "planifikatua" izan zela adierazi dute.
AGENTZIAK | EITB Media
Gijongo Komandantziako Polizia Judizialeko Unitateko buruak ostiral honetan adierazi duenez, Javier Ardines Llanesko (Asturias) zinegotziaren hilketa "itxita" dago, eta zuzenean Djilali B. eta Maamar K. (ustezko sikarioak), Pedro N. (ustezko induzitzailea) eta Jesus M. (bitartekaria) jo ditu erantzuletzat.
Oviedoko Probintzia Auzitegian egindako epaiketaren hirugarren saioan, Gijongo Komandantziako agenteek deklaratu dute bere gain hartu zutela 2018ko abuztuaren 16an Belmonte de Priako parrokian izandako krimenaren osteko ikerketa.
Agenteak adierazi duenez, hilketa "planifikatua" izan zen, abuztuaren hasieran Ardinesen etxebizitzatik irteteko bidean hesi bat aurkitu baitzuten. Handik bi astera, hesi bat agertu zen, autotik jaistera behartzeko eta enboskada bat jarri.
Ikerketaren arduradunaren ustez, hesi hura nahita jarri behar izan zuten, inguruan ez zegoelako obrarik.
Fiskaltzaren galderei erantzunez, agenteak azpimarratu du krimena gertatu eta sei hilabetera ustezko egileak atxilotzera eraman zuen ikerketa "luze eta konplexuan" ez zela "inolako presiorik izan, ez politikoa, ez barnekoa", nahiz eta oso kasu mediatikoa izan.
Agentearen hitzetan, hasiera batean Ardinesen inguru politikoa ikertu zuten, Pertsonaleko, Hondartzetako eta Landa Inguruneko arloen arduradun gisa, enplegu publikorako deialdi baten ondorioz zenbait bitarteko kaltetuta zeudela jakin baitzen, baina ikertzaileek bide hori baztertu zuten azkenean, eta orduan jarri zuten arreta zinegotziaren bizitza pertsonalean.
Horren esanetan, Pedro N.-k 2017ko abenduan jakin zuen bere emazteak eta Ardinesek harreman bat zutela, jatetxe batean horien arteko elkarrizketa bat grabatu ondoren.
Fiskaltzak ikerketa horietan oinarrituta esandakoaren arabera, 2018ko uztailean erabaki zuen Pedro N. zornotzarrak bere plana betearaztea, emazteak uda Ardinesen etxetik gertu dagoen familia-etxe batean igaroko zuela jakin ostean, eta, horretarako, Jesus M.-rekin harremanetan jarri zen, diruaren truke sikario gisa jardun zezaketen pertsonak bila zitzan.
Horietako batek, Djilali B.-k, epailearen aurrean adierazi zuen berak eta Maamar K. aljeriarrak 25.000 euro kobratu zituztela bakoitzak, eta bitartekariak 10.000 euro gehiago.
Zinegotziaren ohiko mugimenduak aztertu ondoren, sikarioak Belmonte de Priara joan ziren krimena egitera, eta, abuztuaren 1eko goizaldean huts egin zuen lehen saiakera baten ondoren, bi aste geroago saiatu ziren bigarren aldiz.
Fiskaltzaren bertsioaren arabera, abuztuaren 16ko goizaldean, sikarioek obrako bi hesi jarri zituzten Javier Ardinesen ibilgailuari bidea mozteko, eta, hesiak kentzeko asmoz ibilgailutik jaitsi zenean, piperbeltz esprai batekin eraso zioten lehenik, eta, ondoren, kolpeak eman zizkioten buruan makila batekin edo beisboleko bate batekin, eta, jarraian, ito egin zuten, hil arte.