Gizartea -
Koronabirusa
"Mundu mailako seigarren olatu baten aukeraz" ohartarazi du lehendakariak
Euskadin intzidentzia metatua gorantz doala eta, "lehen arretan presioa" ez igartzea espero du Iñigo Urkulluk.
Agentziak | EITB Media
Iñigo Urkullu lehendakariak ohartarazi duenez, baliteke "mundu mailako seigarren olatu bat" izatea, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), intzidentzia tasa metatuaren gorakada kezkagarria dela erantsi du.
Foro Nueva Economia jardunaldietan egindako adierazpenetan, izurriaren egoera izan du hizpide lehendakariak.
Gogorarazi duenez, covid-19aren eragina gorantz ari da egiten EAEn, eta azken 14 egunetan pilatutako tasa 90 kasukoa da 100.000 biztanleko. R0 indizeari dagokionez (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua), 1etik gora dago.
Intzidentzia metatuaren gorakada lehen arreta ez tenkatzea espero du lehendakariak, oraingoz "osasun presioa baxua" dela aitortu badu ere.
Covid-19aren azken datuak
Espainiako Gobernuaren Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, EAEn 224 kasu hauteman ziren atzo, azaroak 4; 187 izan ziren bezperan eta intzidentzia metatua 88,9 kasukoa da 100 000 biztanleko, asteazkenean baino hiru puntu gehiago. 11 urtez azpikoen artean, halere, 177,97koa da intzidentzia.
19 lagun erietxeratu eta beste 18 pertsonek senda agaria jasota, 141 lagun zeuden atzo ospitalean, horietatik 27, larri, bezperan baino bat gehiago.
Nafarroan 59 kasu zenbatu ziren atzo, bezperan baino 11 gehiago eta intzidentzia bi puntu igo da azken egunean, 84,09an kokatu arte; 11 urtez azpikoetan 149,04koa da.
Bost lagunek behar izan zuten atzo ospitaleratzea eta beste hiruk senda agirira jaso zuten; hala, 25 pertsona zeuden atzo Nafarroako erietxetan covid-19agatik, larri horietatik 6, bezperan adina.