Gizartea -

Meteorologia

Mende honetako bosgarren urririk lehorrena izan da 2021ekoa, baina tenperaturak ohikoak izan dira

Urrian egin ohi duen euri kopuruaren erdia egin du, eta eguzki-orduak eta ohi baino % 40 gehiago izan dira.

Udazkena. Irudia: Euskalmet.
Udazkena.
Udazkena. Irudia: Euskalmet.

O.P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 2021eko urria oso lehorra izan da, eta Araba hegoaldean eta Gipuzkoa ipar-ekialdean lehorra. Berez, hil horretan ohikoa den euriaren erdia egin du EAEn. Balio horien ondorioz, XXI. mendeko bosgarren urririk lehorrena izan da.

Euskalmeten arabera, euri-egunak ohikoak baino gutxiago izan dira, eta, esate baterako, 7 euri-egun zenbatu dira Donostian eta 5 egun bai Bilbon eta bai Gasteizen. Euri-egunak, batez ere, hilaren hasieran eta bukaeran pilatu ziren.

Tenperaturari dagokionez, urrian izan diren tenperaturak normalak izan dira, batezbesteko tenperatura 1981-2010 aldi normaleko batezbestekoa baino 0,2 °C baxuagoa izan da. Zonaldeka, urria hotza izan da Arabako Lautadan, batezbesteko tenperatua 12 °C-ingurukoa izan da. Altuagoa izan da tenperatura erkidegoko gainerako lekuetan, itsasertzean, esaterako 16 °C  inguruan ibili da.

Hiriburuei dagokienez, tenperaturarik hotzenak Gasteizen erregistratu dira, eta 0,8 °C-ko anomalia negatiboa izan da; baliorik altuenak Donostian erregistratu dira, eta 0,2 °C-ko anomalia positiboa izan da.

Tenperatura horiekin batera izan den intsolazioa batezbestekoa baino nabarmen handiagoa izan da, espero zirenak baino % 40 gehiago izan dira eguzki-orduak. Hala, 193 eguzki-ordu zenbatu dira Donostian, 191 Gasteizen eta 185 Bilbon.

Muturreko meteorologiari lotuta Eusko Jaurlaritzak urrian 4 abisu hori aktibatu zituen, horietatik 2 haizeagatik haizeguneetan, 1 kostaldeko inpaktuagatik eta beste 1 baso-sute arriskuagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak albisteak Eguraldia argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa