Gizartea -
Kontsumoa
Etxetresnak konpontzeko lanetan izaten ari diren iruzurrez ohartarazi du Kontsumobidek
Kontsumoko Euskal Institutuak "zalantzazko etikako merkataritza praktikak" atzeman ditu, kasu askotan "iruzurraren eremuan sartzen direnak". Horren aurrean, Ertzaintzarekin eta Fiskaltzarekin harremanetan da Kontsumobide, geldiarazteko asmoz.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak "zalantzazko etikako merkataritza praktikak" atzeman ditu etxetresna elektrikoen laguntza teknikoko zerbitzuetan. Are, kasu askotan, "iruzurraren eremuan sartzen diren praktikak" dira. Hori horrela, horrelako zerbitzuak kontratatzeko orduan kontu handiz ibiltzeko gomendatu du.
Jaurlaritzaren menpekoa den Institutuak ohar batean azaldu duenez, "profesional eta enpresa batzuek zerbitzu ofizial itxura ematen duten publizitatea egiten dute, zerbitzu ofizial izan gabe". Halaber, "hainbat erreklamazio" jaso dituztela azaldu du; kontsumitzaileek salatu dutenez, "laguntza teknikoko pertsona beren etxera bertaratu zen eta neurriz kanpoko aurrekontua aurkeztu zien, eta irteera kobratu nahi zuen, gainera".
Bestalde, badira aurretik zenbateko bat entregatu ondoren, amaitu ez dituzten konponketekin zerikusia duten erreklamazioak, edo etxetresna elektrikoak matxuratuta jarraitzen duela salatzen dutenak, berez konpondu ez delako.
Horren aurrean, Fiskaltzarekin eta Ertzaintzarekin harremanetan jarri da Kontsumobide, praktika horiek geldiarazteko.
Nolanahi ere, honako gomendioak eman ditu:
- Eskatu beti aurrekontu bat idatziz. 30 eguneko balioa izango du. Etxetresna konpondu gabe geratuz gero, derrigorrezkoa izan daiteke aurrekontua egiteagatik ordaindu behar izatea, baina zenbateko hori mugatuta dago, ez da librea, eta inoiz ezin du gainditu ordu bateko eskulanaren prezioa.
- Egiaztatu beti zerbitzu ofizialak edo konponketa zerbitzu fidagarriak direla; horretarako, komeni da "galdetzea, konparatzea eta, beharrezkoa bada, markaren webgunean kontsultatzea".
- Galdetu beti irteeraren prezioa, eta egiaztatu konponketa egin barik ere ordaindu behar ote den.
- Etxetresna elektrikoa berme epean badago, ez da ezer ere ordaindu behar, ezta irteera ere.
- Ez entregatu inoiz dirurik aldez aurretik. Konponketa egin ondoren ordaintzen da, eta hiru hilabeteko bermea du.
- Eskatu beti faktura xehatua, ordezkatu diren piezak eta egindako lanak jasotzen dituena.