Gizartea -

EPAIKETA

Javier Ardinesen hilketa ustez antolatu zuten bi gizonek parte hartu izana ukatu dute

Epaiketaren bigarren egunean, Pedro Nieva akusatuak adierazi du ez zuela hilketa agindu, ezta horregatik ordaindu ere. Jesus Muguruza ustezko bitartekariak ere ukatu egin du Llanesko IUko zinegotzi izandakoaren hilketarekin zerikusirik izatea.

Akusatuak epaiketan. Argazkia: EFE
Akusatuak epaiketan
Akusatuak epaiketan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren eguna dute gaur Javier Ardines Llanesko IUko zinegotzia zenaren hilketa argitzeko ahozko epaiketan, eta gaur deklaratu dute lau akusatuetako bik: hilketa agintzea leporatzen dioten Pedro Nievak eta Jesus Muguruza ustezko bitartekariak. Biek ala biek ukatu egin dute hilketan parte hartu izana atzo beste bi akusatuek (Djilali B. eta Maamar K.) egin bezala.

Pedro Nievak adierazi duenez, ez zuen hilketa agindu, ezta horregatik ordaindu ere. Horren esanetan, ez zion Javier Ardinesi leporatzen bere emaztearen desleialtasuna, eta ez zuen inoiz mehatxatu.

Ordubete baino gehiago iraun duen deklarazioan, akusazio partikularraren eta bere defentsa abokatuaren galderei erantzun die. Dozena bat aldiz baino gehiagotan ukatu du ustezko bi hiltzaileak (Djilali B. eta Maamar K.) ezagutzea.

Nievak elektrizitateko enpresa bat zuen Zornotzan. Onartu du Muguruza ezagutzen zuela, eta noizean behin elkarrekin harremanak izan zituztela, lan-kontuengatik.

Aurrez, Jesus Muguruzak deklaratu du. Horrek ere ukatu egin du hilketarekin zerikusirik izatea, eta esan du ez zuela Javier Ardines inondik inora ezagutzen. Bestalde, adierazi du Pedro Nievaren elektrizitate enpresan lan egin zuela eta adiskide harremana zuela berarekin.

Hilketa izan baino aste batzuk lehenago, Pedro Nieva eta biak Belmonte de Pria Llanes udalerriko kontzejura joan zirela esan du, lehendabizikoaren etxebizitzan lan batzuk egitera. Beraiekin batera, hirugarren pertsona bat ere joan omen zen.

Djilali B. ezagutzen ote zuen galdetuta, Muguruzak azaldu du noizbait berarekin topo egin zuela arrantzatzera joandakoan.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 25 urteko kartzela-zigorra eskatzen dute akusatu bakoitzarentzat. Defentsako abokatuek, berriz, absoluzioa, hilketarekin zerikurisirik ez dutela eta haien aurkako frogarik ez dagoela argudiatuta.

Atzoko saioan, ustezko bi sikarioek errugabeak direla deklaratu zuten. Ez zutela Ardines ezagutzen, ez zutela haren hilketan parte hartu, eta gertakariak jazo ziren egunean, 2018ko abuztuaren 16an, ez zirela Asturiasen egon adierazi zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Izquierda Unida Amorebieta-Etxano bideoak Epaiketak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Abokatuak azken ordukoa Asturias Krimenak azken ordukoa