Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuak 10 puntu egin du gora EAEn, eta 86 kasutan dago
Gainera, zazpi pertsona hil dira covid-19ak jota azken astean. Gaixo larrien kopuruak apur bat egin du gora (26), baita ospitaleen gela arruntetan daudenak (86) ere aurreko astearekin alderatuta.
Eider Garaikotxea O.| EITB MEDIA
Izurriaren eragina etengabe igotzen ibili da azken aste honetan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta gaur gaurkoz, intzidentzia metatua 86 kasutan dago 100.000 biztanleko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratutako asteko buletin epidemiologikoaren arabera, 10 puntu egin du gora pilatutako tasak.
Intzidentzia ez ezik, positibo kopurua ere hazi egin da azken astean: 977 kutsatze zenbatu dituzte (927 izan ziren aurreko buletinean). Intzidentzia metatuari dagokionez, Gipuzkoak izan du bilakaera kaskarrena, tasa 20 puntu igo baita bertan, eta ehunekoa igarota du jada: 116 kasu 100.000 biztanleko. Bizkaian (75 puntu) eta Araban (54 puntu) ere gora egin du eraginak, baina 10 puntu baino gutxiagokoa da bi kasuetan.
Hilkortasuna txikitu egin da, azken astean zazpi pertsona hil baitira covid-19agatik, aurrekoan baino zortzi gutxiago. Ospitaleei dagokienez, hazi egin da apur bat ZIUetan dauden gaixoen kopurua: 24 izatetik 26 izatera igaro dira. Era berean, ospitaleetako gela arruntetan dauden pertsonen kopuruak gora egin du: joan den astelehenean 81 pertsona zeuden Osakidetzako erietxeetan; gaur 86 dira.
R0 indizea, positibo batek kutsatzen duen pertsona kopurua zehazten duena, ez da aldatu eta 1,06an dago. Dena dela, aipatzekoa da 1era jaitsi zela (langa horretatik behera egotea komeni da) joan den astearen hasieran, baina ondoren goranzko bidea hartu duela. Gipuzkoak bakarrik gainditzen du indize orokorra (1,14koa du); Araba, berriz, 1etik beherakoa du (0,98)eta Bizkaiak, 1,01ekoa.
Aurreko astearekin alderatuta, % 5 hazi dira kutsatzeak, 977 positibo zenbatzeraino (50 gehiago). Ostegunean eta ostiralean atzeman zituzten gehien (155 eta 151, hurrenez hurren). Positibotasun tasari dagokionez, % 5etik behera egon da ia aste guztian, baina langa hori gainditu du azken bi egunetan. Igandean % 5,5ean zegoen, proba diagnostiko gutxiago egin baziren ere.
Adinari erreparatuta, 12 urtetik beherakoak, txertatu gabeko taldea, kolpatzen ari da bereziki birusa. 174 kasuko intzidentzia tasa metatua du talde horrek. Txikiagoak badira ere, kezkatzekoak dira 40-49 urtekoen (95 kasu 100.000 biztanleko),30-39 urtekoen (93 puntu) eta 70-79 urtekoen (89 puntu) pilatutako tasak.
Hain justu, intzidentziaren igoeraz ohartarazi du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, egoera, oro har, "larria" ez bada ere:
Azkenik, udalerrietako egoerari erreparatuta, lau herri handi daude gune gorrian (hots, birusaren transmisio altuarekin): Agurain (Araba), Lazkao, Azpeitia eta Zumarraga (Gipuzkoa) —azken bi horiek gaurko buletinean igo dira—. Arabako udalerria da EAEko intzidentzia tasa handiena duena: 1.064 kasu 100.000 biztanleko.