Gizartea -
trafikoa
Martxan da Bizkaian aurtengo Neguko Bidezaintza Plana
408 langile eta elurra kentzeko 84 makina izango dira Bizkaiko errepideetan ibiltzeko prest, izotzaren eta elurraren eraginei aurre egiteko. Aurten, erabiltzaileek ere "rol aktiboa" hartu ahal izango dute.
agentziak | eitb media
Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du astelehen honetan 2021-2022 Neguko Bidezaintza Plana. Kanpaina berri honetan, 408 langile eta elurra kentzeko 84 makina izango dira Bizkaiko errepideetan ibiltzeko prest, izotzak eta elurrak aldizka izan ditzaketen eraginei "ahalik eta eraginkortasun handienarekin" aurre egiteko.
Erakundeak jakitera eman duenez, apirilaren 30era arte mantenduko dute plana, eta 9.825 tona gatz erabiliko dute, baita foru-errepideetako toki esanguratsuetan kokatutako sei estazio meteorologiko ere, kontrol-guneei informazio eguneratua eskaintzeko.
Aurten, kudeaketan hobekuntzak egingo dituzte Bilboko metropoli-barrutian, datuen analisia denbora errealean eginez. Jon Larrea Berrikuntza eta Bideko Kudeaketarako zuzendariak azaldu duenez, horrek erantzun "bizkorragoa" eta erabilgarri dauden baliabideen erabilera "eraginkorragoa" baimenduko ditu.
Gainera, azpimarratu egin ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren baliabideen arteko koordinazioaren garrantzia eta Bizkaiko Udalekin zein Eusko Jaurlaritzarekin izandako lankidetza, "eguraldiak errepide-sarean eragin ditzakeen ezbeharrei aurre egiteko".
Errepideen erabiltzaileek har dezaketen "rol aktiboa" nabarmendu du Aldundiak, arduratsu izanez eta bidearen zein baldintza meteorologikoen egoera uneoro ezagutuz.
Horretarako, Bizkaimove doako aplikazioa dute, errepideen eta neguko bidezaintzaren inguruko informazioa biltzen dituena. Sistema eragile orotarako dago eskuragai, eta ohiko ibilbideak pertsonalizatzeko aukera ematen du. Gainera, errepideko jazoeren abisua ematen du, denbora errealean.
Lehentasun-mailak
Neguko Bidezaintza Planak trafiko-egoeraren lau maila aurreikusten ditu, errepideko elur- eta izotz-mailaren arabera. Lau egoera horietako bakoitzean ezarriko dira abiadura-mugak, zirkulazio-murriztapenak edo kate zein neumatiko bereziekin ibiltzeko derrigortasuna.
Era berean, hiru lehentasun-maila ezartzen ditu, bidea garbitzeko. Lehenengo mailak zerbitzu iraunkorra aurreikusten du, errepide eta autopista nagusietako zirkulazioa bermatzeko, baita ospitaletarako sarbideetakoa eta aireportu edo portuetarakoa ere. Maila horretako zirkulazioa bermatuta, makinak lehentasun gutxiagokotzat hartutako errepideetatik izotza edo elurra garbitzen hasiko lirateke.