Gizartea -
COP26 GLASGOWEN
Nazio Batuen Erakundearen ohartarazpena: "Muturreko fenomeno meteorologikoak dira normaltasun berria"
Glasgoweko klimaren konferentziaren lehen egunean Munduko Meteorologia Erakundeak (OMM) egindako txostena aurkeztu du Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko presidenteak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Munduan tenperatura neurtzen hasi zirenetik, azken zazpi urteotakoak izan dira erregistrorik altuenak. Itsasoko mailak ere maximoa ezarriko du 2021 honetan, ozeanoak azidifikatzen ari dira eta muturreko fenomeno meteorologikoak jada "normaltasun berria dira" Nazio Batuen Erakundeko OMM Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi duenez.
"Ozeanoetako sakoneretatik mendi tontorretaraino, glaziarren urtzetik muturreko fenomeno meteorologiko bortitzetaraino, mundu osoko ekosistemak eta komunitateak suntsitzen ari dira" esan du Antonio Guterres NBEko presidenteak, bideoz, OMMren azken txostenaren aurkezpenean.
Nazio Batuen Erakundearen agentziak 2021eko txostenaren aurrerapena aurkeztu du gaur, izan ere, Glasgoweko klimaren konferentziaren lehen egunean, eta bere interbentzioan, "inflexio puntu gisa" uler dadila eskatu du Guterresek, "(...) gure etorkizuna babestu eta gizateria salbatzeko".
"Muturreko fenomeno meteorologikoak dira normaltasun berria. Gero eta proba zientifiko gehiago daude fenomeno horietako batzuen oinarrian gizakion jarduerak eragindako klima aldaketa dagoela esateko" gaineratu du prentsaurrekoan Petteri Taalas Munduko Meteorologia erakundeko idazkari nagusiak.
TENPERATURAK
2021eko batezbesteko tenperatura munduan -urtarrila eta iraila bitartean- 1850-1900 arteko batezbestekoa baino 1,09 ºC altuagoa izan da. Datuak eskutan, aurtengo urtea "inoiz erregistratu den seigarren edo zazpigarren beroena" izango da.
2021 hau ez da azken urteak bezain beroa izango, urte hasieran izan zen Niña fenomenoaren eraginagatik, baina urtea amaitzean, 2011 baino 0,18 eta 0,26 gradu altuagoa izango dela datua uste dute adituek.
NEGUTEGI EFEKTUKO GASAK
Negutegi efektua eragiten duten gasen kontzentrazioek goia jo zuten 2020an: CO2 maila %149 igo zen, metanoa % 262 eta oxido nitrosoa % 123, industria aurreko mailekin alderatuz gero. Eta OMMek jakitera eman duenez, kontzentrazioek igotzen jarraitu dute 2021ean.
OZEANOAK
Ozeanoak berotzen ari dira eta 2000 metrora arteko sakonera arte neurtuta, 2019koa zen tenperaturarik altuena orain arte. Egin den aurre azterketaren arabera, 2020an gainditu egin zen aurreko urteko errekorra eta areagotu egin zen ozeanoetako azidotasuna. Hala, azken 26.000 urtetan izan den PH baxuena neurtu zen iaz.
Ozeanoek negutegi efektua eragiten duten gasen % 23 xurgatzen dute baina PHa jaisten den eran, ozeanoek atmosferatik CO2a xurgatzeko duten ahalmena ere gutxitu egiten da.
ITSASOAREN MAILA
Ozeanoetako uraren berotzeak itsasoaren maila igotzea ere badakar, itsasoko uraren zabalkunde termikoagatik eta izotz kontinentalen fusioagatik, txostenak zehazten duenez.
Arrazoi honengatik, 1993 eta 2002 artean 2,1 milimetro igo zen urteko, itsasoaren maila eta 4,4 milimetro igo da, berriz, urteko, 2013 eta 2021 artean.
GLAZIARRAK
Azken 20 urteotan, gainera, azkartu egin da Ipar Amerikako glaziarren masaren galera eta 2015-2019 urte artean 2000-2004 tartean galdu zenaren bikoitza galdu zen. 2021 honetan, uda bereziki beroa eta lehorra izan da Ipar Amerikako mendebaldean eta horrek ondorio "izugarriak" izan ditu mendietako glaziarretan.
Taalasek iragarri duenez, gainera, Afrikako glaziarrak 2040rako erabat desagertuko direla kalkulatzen dute erakundean.
MUTURREKO FENOMENOAK
"Erregistroak ditugunetik lehen aldiz, euria egin zuen elurra egin beharrean Groenlandiako izotz gunearen tontorrean. Eta Kanadako glaziarrek fusio azkarra jasan zuten" gaineratu du OMMko buruak.
Zientzialari finlandiarrak erreferentzia egin dio, gainera, aurten Kanada eta AEBetan izan de bero boladari: 50 °C neurtu ziren Kolunbia Britainiarrean, adibidez, edota 54,4 ºC Kalifornian, Heriotzaren Haranean. Era berean, Mediterraneo inguruko hainbat tokitan ere orain arteko tenperatura altuenak erregistratu direla ohartarazi du.