Gizartea -
HILKETA ERRIOXAN
Espetxera bidali dute Larderon 9 urteko umea hiltzea leporatuta atxilotutako gizona
Bestalde, milaka lagunek elkarretaratzea egin dute Errioxako herri horretan, hildako haurra gogoratzeko eta familiari "babesa eta elkartasuna" adierazteko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Logroñoko 2. Instrukzio Auzitegiko epaileak kartzelara bidali du, komunikatuta, eta fidantzarik gabe, ostegunean Larderon (Errioxa) 9 urteko haur bat hiltzeagatik atxilotutako gizona.
10:30 aldera eraman du Guardia Zibilak Logroñoko komisariatik Auzitegira, epailearen aurrean deklaratzera, eta 13:30 aldera jakin da epailearen erabakia.
Haurra engainuz parke batetik eramatea eta ondoren, itota hiltzea leporatzen diote gizonari. Portal batean aurkitu zuten, haurra besoetan zuela, eta atxilotu egin zuten.
Dozenaka bizilagun haurraren bila ibili ziren aurreko minutuetan eta ustezko hiltzailea portalean zegoela jakindakoan, barrura sartzen saiatu ziren. Segurtasun Indarrek garajetik atera zuten atxilotua, herritarrek harrapatu ez zezaten.
54 urteko gizonak aurrekariak ditu sexu abusuengatik eta baita emakume bat hiltzeagatik ere. 1993an 13 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik 7 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 1998an, 26 urteko emakume bati sexu erasoa egin eta hiltzeagatik beste 10 eta 20 urteko zigorrak, hurrenez hurren. 2023ko abuztuan amaitzen zuen bere zigorra, osorik, baina aske geratu zen behin-behinean 2020an.
Larderoko bizilagunek salatu dutenez, gizona beste bi neskatxo eramaten saiatu zen aurreko egunetan eta poliziak jaramon egin izan balie krimen hau ekidin zitekeela esan dute. Espainiako Gobernuko ordezkaritzak, baina, argitu du urriaren 25ean salaketa bat jaso zuela Guardia Zibilak gizon batek neskatxo bat berarekin joatera gonbidatu zuela adieraziz, baina salaketaren datuek ez omen zuten ahalbidetzen egilea ostegunean atxilotutako gizonarekin lotzen.
Milaka pertsona elkartu dira Larderon, hildako haurra gogoratzeko eta familia babesteko: "Ez zaudete bakarrik"
Bestalde, milaka lagun elkartu dira eguerdian Landeron, Enterios auzoko plazan egin den elkarretaratzean. Hildako haurra gogoratu nahi izan dute eta familiari elkartasuna adierazi. "Ez zaudete bakarrik" adierazi dute bilkuran eta loreak jarri dituzte haurra desagertu zen parkean.
Eduardo Ruiz, auzotarren elkarteko presidenteak oharra irakurri du: "Haurrak dira gure gizarteko kiderik garbienak eta inguru seguru, zoriontsu eta beldurrik gabeko batean bizitzeko, babestuta egoteko eskubidea dute eta babes hori hausten denean gizartea ere hautsi egiten da, porrot egin baitugu gure egitekoan".
Biktimaren aitonaren anaia elkarretaratzean izan da eta eskerrak eman dizkie bertaratuei. Euren senidearen hilketa azkena izan dadin beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko eskatu du.
Marlaska: "erakunde guztiek legezkotasun printzipioa" bete dute
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak, bere aldetik, auzian inplikatutako erakunde guztiek "legezkotasun printzipioa" bete dutela adierazi du.
Espainiako Gobernuaren "elkartasuna" eta "babesa" adierazi die "Alexen gurasoei, anaiari, familia osoari, eta lagunei". "Guztioi eragiten digun tragedia da, gizatasun minimo bat duen pertsona orori", gaineratu du.
Azken orduotan legeak gogortzearen alde egin dutenei erantzunez, "Legeak beroan moldatzea ez da egokiena izaten" hausnartu du ministroak. Hala, "eztabaida lasaiaren alde" alde egin du, "herritar guztien segurtasuna bermatze aldera".
Espainiako Gobernuko presidenteak ere Larderoko hilketa hizpide izan du igande honetan. G20aren goi-bilera amaitu ostean Erroman egin den prentsaurrekoan bere doluminak emanez hasi du bere interbentzioa: "Lehenik eta behin, nire samina eta dolumina adierazi nahi nuke, Alexen krimen lazgarriagatik. Espainiako Gobernuaren izenean, nire doluminak helarazi nahi dizkiet familiari, lagunei eta auzokideei".