Gizartea -

COP26

EH Bilduk Jaurlaritzaren "anbizio klimatiko" urria eta politika energetiko "okerra" kritikatu ditu

Oteroren arabera, "munduko batez bestekoa baino %40 gas gehiago isurtzen dugu", eta "Europar Batasunak, 1990eko erreferentzia-urtearekin alderatuta, berotegi efektuko gasak %24 murriztu" dituen bitartean EAEk %11 besterik ez.

Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe
Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe
Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Otero EH Bilduren legebiltzarkideak esan du Eusko Jaurlaritzak azken urteotan "anbizio klimatiko" urria izan duela, "eskatutakoaren oso azpitik" dagoela, eta energia politika "okerrak" egin dituela.

Gasteizen emandako prentsaurreko batean, Oterok Glasgowko COP26 klimari buruzko goi-bilera izan du hizpide, "funtsezko" hitzordua delako, izan ere, "larrialdi klimatikoaren aurrean konpromiso gehiago eta handiagoak ez hartzetik, orain arte erakutsitako anbizio eskasari eustetik, klima-aldaketa traumatiko eta mingarri batera goaz".

"Glasgown erabakiko da Parisko akordioak bizirik jarraitzen duen ala ez, mundu osoa konprometitzen baitzuen 1,5ºC-ko beroketa ez gainditzeko beharrezko ahaleginak egitera", defendatu du, koalizioaren ordezkaritza bat bertan izango dela gehitu aurretik.

"Maila globalean aurrerapenak nahikoa ez" direla ohartarazi ostean, EAEren egoera aipatu du. Izan ere, bere esanetan, "munduko batez bestekoa baino %40 gas gehiago isurtzen dugu", eta "Europar Batasunak, 1990eko erreferentzia-urtearekin alderatuta, berotegi efektuko gasak %24 murriztu ditu; EAEk, adibidez, %11 murriztu ditu, eta Hego Euskal Herriak, berriz, % 4,5. Europako zenbakietatik oso urrun. Oso urrun emisioen murrizketan, oso urrun energia berriztagarriaren garapenean eta autosufizientzia energetikoan, ekintza klimatikoaren funtsezko gaietan".

EH Bildurentzaat "Eusko Jaurlaritza honen (eta aurrekoen) anbizio klimatikoa azken urteotan eskatutakoaren oso azpitik egon da".

"Une historiko honetara ahultasun-egoera nabarmenean iritsi gara, batez ere ibilbide luzeko energia-politika okerren ondorioz: energia berriztagarrien garapen eskasa, erregai fosilekiko mendekotasun izugarria, eta hamarkadetan zehar gas fosilaren aldeko apustu irmoa", deitoratu du.

Gainera, salatu du "Parisko helburuak betetzeko estrategia eguneratu eta errealistarik gabe" iritsiko direla Glasgowra, "deskarbonizaziorako ibilbide orri zehatzik gabe".

Horregatik, Oterok uste du Jaurlaritzak "nahiago" izan duela gustatzen zaiona egin, hau da, "errefrito bat egin politika berberekin, baliabide eta helburu berberekin, TECCko 1. plana deitu duten horretan paketatuz. Eta beste kolpe mediatiko bat izateko, BASQUE NET ZERO aurkeztu digute, gure herrialdeko berotegi efektuko ga igorle handienekin egindako aliantza publiko-pribatu bat, berriro ere agerian utziz estetika eta marketina direla nagusi gobernu honen zereginean".

Era berean, EH Bilduren ordezkariak uste du horrek agerian uzten duela Jaurlaritzak "menpekotasun handiegia duela energiaren sektorean interes korporatibo nabarmenak dituzten multinazionalekin".

Azkenik, "aurrean dugun klima-erronka oligopolioaren interes pribatuak interes publikoaren mende jarriz bakarrik" egin daitekeela ondorioztatu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Politika Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak NBEren klimari buruzko goi-bilera Energia gaur