Gizartea -

KLIMAREN GOI BILERA, GLASGOW-N

Greenpeace: "Ez da beranduegi aldaketa klimatikoaren aurrean ekintza-plan eraldatzaile eta zehatza adosteko"

2020an inoizko karbono dioxido (CO2) kopuru handiena erregistratu zuten atmosferan. Larrialdia muturrekoa dela jakinda ere, egoera bideratzeko "garaiz" gaudela uste du Greenpeace talde ekologistak. "Borondate kontua da".

Greenpeacek, Gaztelugatxen egindako protesta ekintza, 2019an.
Greenpeacek, Gaztelugatxen egindako protesta ekintza, 2019an.
Greenpeacek, Gaztelugatxen egindako protesta ekintza, 2019an.

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur abiatu eta azaroaren 12ra bitarte, mundu osoko adituak eta goi-arduradunak elkartuko dira Glasgow hirian (Eskozia) egingo den Klimaren Goi Bileran (COP26). Klima-aldaketari aurre egiteko neurriak adostea eta konpromiso zehatzak hartzea izango dute helburu, beste behin.

Asteon ezagutu den datuak larrialdiaren tamaina neurtzeko balio izan du: CO2 kopurua industria aurreko garaian baino % 149 handiagoa dela ohartarazi du Munduko Meteorologia Erakundeak. Gas horiek denbora luzean irauten dutenez, tenperaturak hurrengo hamarkadatan gora egingo duela ohartarazi du, baita isurtze kopurua zerora murriztuta ere. Horregatik, eta azken urteotan egin diren urratsak ikusita, Greenpeace mugimendu ekologistak errezeloz begiratzen dio hitzorduari. Halere, "etorkizun seguruagoa, justuagoa eta berdeagoa" nahi badugu, oraindik "garaiz" gaudela uste du Lorea Flores talde ekologistak Hego Euskal Herrian duen arduradunak. Ez du "itxaropena galdu nahi", eta bileraren atarian, COP26 ulertzeko hainbat gako azaldu dizkigu.

Jarraitu mapa interaktibo honetan 0 isurketa helburu duen EITB-ko hiru langileren Bilbo-Glasgow bidaia

Zeintzuk dira goi-bileraren gako nagusiak?

Parisko 2015eko akordioaren ondotik, COP26a da larrialdi klimatikoari aurre egiteko une politiko garrantzitsuena, eta ezinbestekoa da arrakastatsua izatea. Parisen, tenperatura globalaren igoera 1,5 ºC-ra mugatzeko helburua ezarri zen, baina akordio hori sinatu zuten gobernuak ez dira ari emisioak behar den neurrian murrizteko helburuak jartzen. Glasgown aldatu behar da hori. COP26an munduak bideari berrekin diezaioke, baina gauza garrantzitsu eta azkar batzuk gertatu behar dira.

Gaur egungo egoerak honakoa eskatzen du. Batetik, erregai fosiletan oinarritutako proiektu berri guztiak gelditzea, eta emisioak murrizteko asmo handiko planak munduko liderren eskutik, 2030erako emisio globalak erdira murriztu ditzagun. Karbono konpentsazioen mundu mailako merkatua irekitzeko planak ezeztatu egin beharko lirateke; iruzur bat dira eta ez dute funtzionatzen.

Nola begiratzen dio Greepeacek hitzorduari? Akordio esanguratsurik lortuko den itxaropenik?

Glasgown benetako konpromiso bat, benetako anbizio bat eta benetako ekintza bat ikusi beharko genituzke. Konferentziaren aurreko egunetan, hiru gauza horiek falta izan dira, gure ustez.

Datozen bi asteetan bira asko emango dituzten arren, ez da beranduegi liderrek ekintza-plan eraldatzaile eta zehatza adosteko. Glasgow gizaki bezala izan gaitezkeenaren froga da. Badakigu zer jakin behar dugun krisi klimatikoari buruz: kausak eta inpaktuak, tranpak eta konponbideak. Espezie gisa benetan eta errespetuz elkarri laguntzen badiogu, etorkizun seguruagoa, justuagoa eta berdeagoa irabaz dezakegu guztiontzat.

Baina, Australiakoa, Brasilgoa eta Saudi Arabiakoa bezalako gobernu atzerakoiak Eskoziara joango dira, eta, eraispen bola baten antzera, klimari buruzko elkarrizketen gainetik pasatzen saiatuko dira.

Karbonoaren nazioarteko merkatua adostea izango da agendako gai nagusietako bat. Zertan datza?

Karbono-merkatua karbono-kredituak erosteko eta saltzeko mekanismo bat da. Kreditu horiek eskualde jakin batean berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko proiektuek osatzen dituzte, eta helburu klimatikoak betetzen ez dituzten enpresak eta gobernuak konpentsatzeko erabil daitezke.

Gure taldearen arabera, hau iruzur bat da, ez du funtzionatzen eta emisioak murrizteko benetako lanetik aldentzen gaitu. Ikatzezko zentral elektriko bat ustiatzen bada, erretzen den ikatza eta isurtzen den CO2a atmosferara joaten dira eta gure mundua berotzen dute. Hori ukaezina da. Gero baso bat seinalatu eta hau esaten baduzu: "Ordaintzen ari naiz zuhaitz horiek erre ez daitezen; beraz, orain bakean gaude", horrek ez du inola ere aldatzen zure ikatz zentralen CO2a atmosfera berotzen ari dela; kontuak paperean koadratzeko aukera baino ez dizu ematen.

Zuzentasun eta justizia kontu bat ere bada hau. Konpentsazioa kutsatzen segitzeko lizentzia bat da, naturaren merkantilizazioa bultzatzen du eta enpresa boteretsuei komunitate ahulen lurrak eskuratzen uzten die, giza eskubideen abusuak gertatzeko arriskuarekin. Konpentsazio sistemek tokiko herriak eta indigenak lurraren kudeaketatik kanpo uzten dituzte, elikagaiak landu eta biodibertsitatea zaintzeko. Laburbilduz, konpentsazioa txarra da jendearentzat eta txarra planetarentzat.

Gainera, konpentsazioetara joateak itxura faltsua ematen du, krisiari irtenbidea ematen zaiola gobernu eta enpresa guztiek beren emisioak murriztu gabe, eta horrek benetako lana egiteko gogoa atzeratu edo geldiarazi lezake. Ezin dugu hori egin. Oso atzeratuta gaude behar dugunarekin.

Aldaketa klimatikoaren aurrean zaurgarrienak diren herrialdeei bitartekoak helaraztea ere, agendaren puntu nagusietako bat izango da.

Herrialde aberatsek 2020an klima-finantzaketan 100.000 milioi dolar emango zituztela agindu zuten, baina ez dute bete. Kutsatzaile historiko nagusiek ere erakutsi behar dute klima-aldaketaren eraginen lehen lerroan dauden pertsona eta herrialdeekiko elkartasuna. Hori da bidezko ikuspegia.

Beraz, orain, ezinbestekoa da herrialde aberatsek urtean 100.000 milioi dolar (eta geroz eta gehiago) ordaintzea gutxien garatutako herrialdeei, horiek klima-krisiaren eraginetara egokitzeko, energia garbiko sistemak garatzeko eta erregai fosilak uzteko trantsizioa egiteko. Horrek onura ekarriko die planetako biztanle guztiei.

Adituen aurreikuspen okerrenen arabera, mende amaierarako planetaren tenperatura ia bost gradu igo daiteke. Arazo global baten aurrean gaude: ingurumen arazo larria

Europako Batasunak 2020rako ezarritako irizpideak edota Parisko Hitzarmena aintzat hartuta, etxeko lanak nola ari dira egiten Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua?

Euskal Herrian ere akordio eta ekintza garrantzitsuen beharrean gaude. Oraindik ere lan handia daukagu deskarbonizazioaren bidean eta justizia klimatikoari eta sozialari dagokienez. EAEn, kontsumitutako energiaren ia % 90 erregai fosiletatik eratorritakoa da; Nafarroan, % 80. Bi erkidegoetan trantsiziorako aldaketa klimatiko zein trantsizio energetikoari lotutako estrategia, plan eta bide-orrietan emisioak murrizteko ezarritako helburuak zientziak gomendatutakoetatik oso urruti daude.

Era berean, bi erkidegoetan klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari lotutako legeak onartzeke daude, eta bi legeak horiek bizi dugun larrialdi-egoerari aurre egiteko tresna eraginkorrak izatetik urruti gelditzeko itxura guztia daukate.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nafarroako albisteak Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia albisteak Zientziaren hedapena zuzenean Larrialdi klimatikoa albisteak NBEren klimari buruzko goi-bilera Euskadiko kutsadura gaur