Gizartea -
Bizkaia
Renferen Bilbo-Urduña lineako 33 zerbitzu bertan behera, eraso batzuen ondorioz
Trenak berak dituen larrialdietarako mailuak hartu eta kristalak hautsi dituzte azken egunotan, bidaiaririk eta segurtasuneko langilerik ez zegoen uneetan. Guztira 100.000 eurokoa omen da kaltea.
eitb media
Renferen Bilbo-Urduña lineako 33 zerbitzu bertan behera geratu dira azken egunotan ustez gazte talde batek egindako erasoen ondorioz.
Renfek jakinarazi duenez, erasoak handiak izan dira, atzo zortzi izan ziren, eta trenean bidaiaririk eta segurtasuneko langilerik ez dagoenean egiten dituzte. Gainera, sare sozialetara igotzen omen dituzte irudiak.
Trenak berak dituen larrialdietarako mailuak hartu eta kristalak hausten dituzte. Erasoetako batean kristal den-denak birrindu zituzten, 30 guztira, eta zenbaitetan aulkietako tapizeria altxatu ere egin dute.
Espainiako trenbide sareak azaldu duenez, orain arteko erasoetan kaltea 100.000 eurokoa izan da.
Renferen Bilboko aldirietako zerbitzuaren kaltetuek osatutako plataformak segurtasun langile gehiago kontratatzea eskatu du.