Gizartea -
Elkarrizketa
Osasun Sailak gripean jarri du arreta eta iaz egon ez ziren katarroak badaudela ohartarazi du
Covid-19a ahotan, Jose Luis Quintas sailburuordeak berretsi du intzidentziak gora egiten jarraitzen duela (81 kasutan dago) baina ez dutela olatu berririk espero.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Jose Luis Quintas Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuordeak aurten gripeak izango duen birulentziaz ohartarazi du, eta nabarmendu du hasiak direla iaz egon ez ziren katarro edo hotzeriak atzematen. Hala, "erne eta erantzukizunez" jokatzeko deia egin du gripearen kontrako txertaketan, batez ere zaurgarriena den biztanleriarentzat.
Quintasek Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, gripea "oldarkorra" izango da jende nagusiarentzat eta patologiaren bat duten pertsonentzat. "Horrek ospitaleratzeetan izango du eragina, eta covid-19ak sortutakoekin batuko da", erantsi du.
Covid-19aren bilakaeraz galdetuta, Osasun sailburuordeak baieztatu du 14 eguneko intzidentzia metatua "modu jarraituan, motelean eta oso txikian" igotzen ari dela (tasa 81,24 kasukoa da; astelehenean 76,10 kasu ziren) eta hazten jarraitzea espero dutela. Dena dela, aipatu du beste adierazle batzuk egonkortu edo jaitsi egin direla, hala nola tasen arrazoia (intzidentzia zazpi egunetara), R0 indizea (1,05) edota ospitaleratzeak. "Sintoma ona da hori", aitortu du. Hala, Quintasek ez du uste olatu berririk izango denik: "Intzidentzia izaten jarraituko dugu, igoko da ala ez, agerraldiak egongo dira, eta horretara ohitu beharko dugu".
Hori horrela, "epe laburrean" behintzat ez du murrizketa gehiago aurreikusten. Zehaztu duenez, "baliteke, eta (Osasun) sailburuak sinatutako dekretuan jasotako neurrien artean, eta bilakaerak horrela jarraituz gero, murrizketaren bat gehiago hartzea". Quintasen aburuz, Gabonak "erdi normalak" izango dira.
Janssenen txertoa jaso zutenei errefortzu dosia ematearen harira Osasun Batzordeak hartu duen erabakiaz, Quintasek esan du Osakidetza azaroan zehar hasiko dela ematen. Gainera, garrantzia kendu dio beste etxe bateko (Pfizer ala Moderna) txertoa jartzeari: "Beti egin izan den gauza bat da, haurren txertaketan eta gripean bertan markak eta txertoak nahasten ditugu. Frogatuta dago txertaketa mota horrek immunitatea indartzen duela; ez dago inolako arazorik".
Azkenik, Lehen Arretan eskaintzen ari den aurrez aurreko kontsulta kopuruari dagokionez, sailburuordeak adierazi du % 50ekoa dela, baina handiagoa ere izan zitekeela. "Agendan herritarrek eskatutakoak baino leku gehiago dago", zehaztu du. Era berean, aitortu du pandemian zehar gora egin dutela nerabeen artean patologia batzuetan, elikadura-nahasmendu eta pertsonalitate-nahasmenduetan, atzemandako "diagnostiko larriak". Quintasen ustez, "pandemiaren eraginez hartu behar izan diren murrizketen ondorio izan dira".