Gizartea -
ERASO HOMOFOBOA GASTEIZEN
Bi gizon espetxeratu dituzte Gasteizen beste bati sexu-erasoa egitea egotzita
Erasoa larunbatean gertatu zen, Florida parkean. Gasteizko LFTBIfobiaren aurkako Behatokiak gogorarazi duenez, azken eraso honekin 28 dira dagoeneko Araban mota horretako gertakariak, eta horietako 23 hiriburuan gertatu dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
28 eta 35 urteko bi gizon espetxera bidali ditu epaileak, arma zuri baten mehatxupean beste bati sexu-erasoa egitea egotzita, Gasteizko Florida parkean. LFTBIfobiaren aurkako Behatokiak, bien bitartean, gertatutakoa salatu du.
Udaltzaingoak astelehen honetan jakitera eman duenez, atxiloketa larunbateko 8:15ak aldera gertatu zen. Ordubete lehenago, biktimak erasoa salatu zuen.
Behin erasoaren berri jakin eta gero, hirigunean herritarren segurtasunerako lanak egiten ari zen patruila batek bi gizon aurkitu zituen parkearen inguruan, biktimak emandako deskribapenekin bat zetozenak.
Berehala atxilotu eta epailearen esku geratu ziren, eta, orain, honek, bi gizonak espetxeratzeko agindua eman du. Udaltzaingoak gertatutakoa ikertzen jarraitzen du.
Gasteizko LFTBIfobiaren aurkako Behatokiak, bestalde, gertatutakoa salatu du ohar baten bidez, eta besarkada handi bat bidali dio sexu-erasoaren biktima izan den mutilari. Gainera, azken eraso horrekin dagoeneko Araban 28 gertakari izan direla gogorarazi du, eta horietako 23 Gasteizen bertan gertatu direla; 10 erasoak izan dira, 12 gorroto-diskurtsoak eta 6 sexu-orientazioagatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazio-ekintzak.