Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuak gora egin duen arren, egoera ez da kezkagarria ospitaleetan
Covid-19aren kontrako neurriak arindu zirenetik kutsatzeek gora egin badute ere, ZIUetako okupazioa % 5 ingurukoa da Nafarroan eta % 6koa EAEn. Iparraldean % 16ra arte igo da datu hori, baina, berez, pertsona bakarra dago unitate horretan.
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Koronabirusaren pandemiaren bilakaera nolakoa izango den jakiteko une erabakigarrian egon gaitezke. Europar Batasuneko herritarren % 70 baino gehiago immunizatuta dauden honetan, kutsatzeak goraka hasi dira herrialde askotan, txertaketa tasarik baxuenak dituztenetan, batez ere, eta kezka zabaltzen ari da.
Euskal Herrian ere gora egin dute kasuek, eta agintariek zuhurtziaz begiratzen diote etorkizun hurbilari. Nafarroako Osasun Departamentuaren arabera, azken egunetako gorakada txikia "aurreikusi zitekeen", murrizketa gehienak amaitu ostean. Eusko Jaurlaritzak, dena dela, "kezkagarritzat" jo du joera, eta osasun larrialdi egoera berriro aktibatu behar ez izatea espero duela adierazi du lehendakariak.
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 100.000 biztanleko 69,26 kasuko intzidentzia metatua du Euskal Autonomia Erkidegoak 14 eguneko epean, eta Nafarroak 61,25 kasukoa.
Pandemiaren bilakaera aurreikusteko intzidentzia metatuaren datua garrantzitsua bada ere, ZIUetan covid gaixoek okupatzen dituzten oheen kopurua izan da osasun-krisialdi honetan, neurriak hartzeko erabili den adierazle nagusietako bat. Erabiltzen den eskalaren arabera, % 10erainoko okupazioa dagoenean arriskua txikiko egoeran gaude, % 10-15 artean arrisku ertainean, % 15-25 artean arriskua handian eta % 25etik gorako covid okupazioa dagoenean ZIUetan, muturreko arriskua kontsideratzen da.
EAEko ospitaleetako ohe guztien % 2,8 okupatzen dituzte une honetan covid gaixoek, eta zainketa berezien unitateetako oheen % 6. Gaur egun, 24 paziente daude ZIUn.
Nafarroan, ospitaleratuta daudenen % 1a dago covidagatik eta ZIUetako oheen %5,1 hartzen dituzte gaixo hauek: 7 paziente daude une honetan ZIUn.
Datuak eskutan, bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak ere ez dute, oraingoz, kezkagarritzat jotzen ospitaleko okupazioa. "ZIUetan egoera egonkorra da, eta, gainera, okupazioa arina da, oraingoz" esan zuen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak.
Ildo berean, Gorka Orive EHUko irakasle eta dibulgatzaileak Radio Vitorian adierazi duenez, "egungo datuekin ez dago kezkatzeko arrazoirik, ospitaleetako presioa handitzen ez bada. Hori da zaindu behar dugun adierazlea, eta oraingoz kontrolpean dago " (audioa gaztelaniaz)
Intzidentzia metatua eta ospitaleetako okupazioa gora egiten ari da Iparraldean ere
Ipar Euskal Herrian ere egoera okertzen ari da azken egunotan. Zazpi egunetan 100.000 biztanleko 50 kasuko intzidentzia metatuta baino baxuagoa izatetik, 74,94 kasuko intzidentzia izatera igaro da bi aste pasatxotan.
Urriaren 22an 51 pertsona zeuden ospitaleratuta eta pertsona bat ZIUn. Badirudi kopuru txikia dela, baina zainketa berezietako ohe gutxi daude Pirinio Atlantikoetan eta kopuru hori, estatistikoki, ZIU oheen % 16 da.