Gizartea -
KORONABIRUSA
Intzidentziaren gorakadak olatu berri bat eta LABIren itzulera ez ekartzea espero duela esan du lehendakariak
Urkulluk gogorarazi du "duela 15 egun eskas" indarrik gabe utzi zela osasun larrialdiko egoera, eta pandemiaren egungo bilakaera "kezkagarria" dela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du pandemiak Euskadin izan duen bilakaera "kezkagarria" dela, duela hamabost egun osasun larrialdia indargabetu eta gero. Ildo horretan, adierazi du espero duela azken asteetako intzidentzia metatuaren gorakadak olatu berri bat ez ekartzea, ezta Babes Zibileko Planaren Kontseilua (LABI) berriro bildu behar ez izatea ere.
2021-2024 Euskadiko Estrategia Soziosanitarioaren aurkezpenean, covid-19aren egoera epidemiologikoaz arituta, Urkulluk gogora ekarri du "duela 15 egun eskas" indargabetu zutela osasun larrialdia, eta, gaineratu duenez, horren ostean, "intzidentzia-tasa metatua handitzen jarraitzen dugu", baina "ZIU oheetako egoera egonkorra da, eta, gainera, oso arina, oraingoz".
"Duela 15 egun esan genuen nahiago genukeela Babes Zibileko Planaren Kontseiluak kudeatu beharreko olatu-egoera batera itzuli behar ez izatea".
"Egia da ZIU oheen okupazio-maila erlaxatua dugula oraingoz, baina egia da, halaber, ospitaleko oheen okupazioa handitzen ari dela", adierazi du.
Lehendakariaren esanetan, "kezkagarriena oinarrizko birsorkuntza indizean ematen ari den egoera da".
Maskara patioetan mantenduko dute
Bestalde, 12 urtetik beherakoek patioetan maskara eramaten jarraitu beharko dute nahitaez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan duenez.
Sagarduiren hitzetan, birusak "bizirautea bilatzen du", eta "populazio ahulenetan bizitzea" lortzen du.
"Une honetan, 12 urtetik beherako haurrak dira ahulenetakoak, ez baitago pediatriako txertorik haientzat", horren arabera.
Horregatik, sailburuaren esanetan, ikastetxeetako jolastokietan haurrak "elkarren artean jolastu ezin izatea" saihestu behar da, "distantziak mantendu behar direlako" maskararik ez badaramate. "Lagundu diezaiegun!", esan du.
Sailburuak azaldu duenez, maskara erabiltzea prebentzio-neurrietako bat da "guztiontzat, kutsatzea eta birusa hedatzea saihesteko". Horregatik, 12 urtetik beherako haurrek jolastokietan eraman behar dutela uste du, "babesteko". "Normaltasuna mantentzen saiatzen ari gara", gaineratu du.