Gizartea -
Hezkuntza
Steilas: "Sistema publiko-pribatu duala gure gizartearen estratifikaziorako eta segregaziorako tresna da"
"Bitxia bada ere, lehendakariaren hitzetan 2022an iritsiko dira akordiora, nahiz eta printzipioz gogoeta prozesua oraindik ez den abiarazi", ohartarazi du sindikatuak.
E. L. | EiTB Media
Steilas sindikatuak uste du "egun dugun sistema publiko-pribatu duala gure gizartearen estratifikaziorako eta segregaziorako tresna bat dela". "Errealitate hau ukaezina da eta ondorioak nabarmenak dira, auzoz auzo eta herriz herri sarritan modu gatazkatsuan bizi direnak", azpimarratu du.
Iñigo Urkullu lehendakariak berak jakinarazi zuen 2022rako hezkuntza itun bat duela helburu. Ohar batean, hizpide izan du Steilas sindikatuak. "Bitxia bada ere, lehendakariaren hitzetan 2022an iritsiko dira akordiora, nahiz eta printzipioz gogoeta prozesua oraindik ez den abiarazi", ohartarazi du sindikatuak.
"Hezkuntza sistema egun dugun merkatu logiketatik aldentzen ez bada, ulergaitza da deszentralizazioan sakondu nahi izatea autonomiaren aitzakiarekin", esan du.
"Gaurko hezkuntza sistema dualaren status quoa iraultzen ez den bitartean deszentralizazioak desarautzea ekarriko du etorkizunean, eta horixe da hain zuzen ere, egun dugun arazo larrienetako bat; berdintasun eza bi hezkuntza sareen egiteko moduetan, ikasleen onarpen prozesuetan, ratioetan, azpiegituretan, eskaintzen diren hezkuntza zerbitzuetan, etab", erantsi duenez.
Steilasen hitzetan, "hezkuntza zentroek gizartearekiko dituzten betebeharren eta eskaintzaren desberdintasun horiek ikastetxeen arteko hierarkizazioa sortzen dute eta horrek isla du euskal gizartean, esan bezala, modu gatazkatsuan bizi delarik bai jendartean baita komunikabideetan ere".
"Argi dago egun dugun hezkuntza sistema gizartean ongi errotuta dauden desberdintasun sozialak birsortzen dituela", salatu du. "Hori konpondu nahi badugu denbora beharko dugu, ezin da hamarkada askoren erabaki politikoen ondorio den egoera egun batetik bestera konpondu", erantsi duenez.
Horregatik, "prozesua presa eta interes politikoetatik aldendu beharko da parte-hartzea eta etekina erreala izan daitezen", eskatu du. "Gaurko gatazka konpondu nahi badugu, dugun hezkuntza sistema publiko-pribatuarekin amaitu beharko da, hau da, ituntze politika unibertsalarekin amaitu beharko da", aldarrikatu du.