Gizartea -
Migrazioaren drama
Atxondoko hiru herritarren zazpi senide hil dira naufragio batean, Europara bidean
Ontzia Trafalgar lurmuturretik gertu hondoratu zen asteburuan, Cadizko kostaldean. Hildakoen artean, Atxondoko herritarren bost lehengusu, emazte bat eta bost urteko semea daude.
Agentziak | EITB Media
Atxondoko (Bizkaia) hiru herritarren zazpi senide hil dira naufragio batean, asteburuan. Ontzia Trafalgar lurmuturretik gertu hondoratu zen, Cadizko kostaldean. Hamar pertsona hil eta beste 15 desagertu ziren. Beste hiru lagun onik atera ziren.
Atxondo Harrera Herria plataformak elkarretaratzea deitu du asteazkenerako, 19:00etan, herriko plazan, hiru herritarrei elkartasuna adierazteko.
Plataformak ohar batean azpimarratu duenez, hildakoen artean, Atxondoko herrikideen bost lehengusu, emazte bat eta bost urteko semea daude.
Asteazkenerako deitu duten elkarretaratzearekin, biktimen senitartekoei elkartasuna adieraziko diete. Era berean, "egoera krudel eta neurri ezmoralen aurrean geldi ez geratzeko" borondatea azalduko dute.