Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Urnietan gorri jarri da semaforoa
Bizkaiak, berriz, ezin izan dio berdeari eutsi eta horira egin du jauzi. Ondarroa eta Agurain laranjaz margotu dira.
ANE SANTESTEBAN | EITB Media
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean behin eguneratuko da aurrerantzean, astelehenero)
Egoerak okerrera egin du EAEn azken egunotan, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Bizkaia eremu horira igaro da, eta, hortaz, Araba da berdean dagoen lurralde bakarra. Gainera, Urnieta gorriz margotu da (udalerri bakarra da eremu latzenean), eta Agurain eta Ondarroa, laranjaz.
Arabak gune berdean jarraitzen du (46 kasu), eta eremu berean daude Gasteiz eta Amurrio. Laudio kolore horira igaro da, intzidentziak gora egin ostean, eta Agurainek ezin izan dio horiari eutsi eta udalerri laranja da gaurtik aurrera.
Bizkaian, intzidentzia-tasa metatuak gora egin du nabarmen (60 kasu 100.000 biztanleko), eta eremu horira igaro da. Ondarroan ere, egoerak okerrera egin du, eta laranja jarri da semaforoa bertan.
Udalerri horiei dagokienez, zerrenda hazi egin da. Arrigorriagak eta Portugaletek bertan jarraitzen dute, eta, orain, baita Balmasedak, Berangok, Galdakaok, Getxok, Leioak, Markina-Xemeinek, Santurtzik, Sestaok, Sopelak eta Trapagaranek ere.
Udalerri berdeak honako hauek dira: Abanto-Zierbena, Abadiño, Barakaldo, Basauri, Bermeo, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Gernika, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Mungia, Muskiz, Ortuella, Zalla eta Zornotza. Derio ere ageri da azken zerrendan.
Gipuzkoak horiz jarraitzen du, eta azken egunetan gora egin du intzidentziak, 100.000 biztanleko 73 kasu baitituzte bertan. Urnieta gorri jarri da, eta EAE osoko udalerri bakarra da eremu latzenean.
Kolore berean jarraitzen dute Azpeitiak, Beasainek, Lazkaok, Mutrikuk, Oñatik, Donostiak, Urretxuk eta Zarautzek. Arrasate, Azkoitia, Bergara, Eibar, Elgoibar eta Zumarraga batu dira, herri horietan okerrera egin baitute datuek.
Udalerri berdeak honako hauek dira: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Deba, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Orio, Pasaia, Usurbil eta Zumaia. Astigarraga, Lasarte-Oria, Ordizia, Tolosa eta Villabona ere transmisio txikiko eremura batu dira.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.