Gizartea -

KORONABIRUSA

Intzidentzia-tasa metatua 56tik 63ra igo da Euskadin azken astean

Positibo gehiago ere erregistratu dituzte, 747, eta R0a 1,15era igo da. Hala ere, paziente kritikoak 26ra murriztu dira. Gainera, ostiraletik ostegunera 8 heriotza zenbatu dituzte.

Jendea Bilbotik paseatzen. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilbotik paseatzen
Jendea Bilbotik paseatzen. Argazkia: EITB Media.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak gora egin du 14 egunetan, 63,64 kasu baitaude 100.000 biztanleko. Oinarrizko birsorkuntza indizeak ere gora egin du eta 1,15era iritsi da.

Datu horiek Osakidetzaren asteroko buletin epidemiologikoan jasotzen dira. Astelehen honetan argitaratu da buletin hori, eta urriaren 11tik 17ra bitartean covid-19ak Euskadin izan duen intzidentziaren berri ematen du.

Denbora-tarte horretan 747 positibo berri erregistratu zituzten Euskadin, urriaren 4tik 10erako astean baino 94 gehiago. Positibotasun-tasa % 3,7koa zen igande honetan, eta zazpi egun lehenago, berriz, % 2,4koa.

Bestalde, 8 pertsona hil dira covid-19ak jota urriaren 8tik 14ra. Datu hori ezin da alderatu Osakidetzak urriaren 4tik 7ra bitartean hildako pertsonen kopuruarekin, zeinetan 6 heriotza jakinarazi baitziren, lau eguneko balantzea izan zelako.

Horrela, covid-19aren transmisioak gora egiten jarraitzen du eta infektatutako pertsona batek zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duen indizea (R0) 1,15era iritsi da.

Indize horrek batez ere Gipuzkoan egin du okerrera, 0,90etik 1,19ra igaro baita azken zazpi egunetan. Arabak ere gainditu du 1eko muga, eta 0,95etik 1,05era igaro da. Bizkaia, berriz, 1etik gora abiatuta, 1,14tik 1,15era igaro da azken astean.

Hala ere, pandemiaren egoera ezagutzeko beste adierazle bat, ospitaleetako egoera, zertxobait hobetu egin da azken astean. Hala, ZIUetan presioa 29tik 26 gaixora jaitsi da. Gela arruntetan dauden pertsonen kopurua, ordea, 48koa da azken astean, aurrekoan bezala.

Lurraldez lurralde aztertuta, Araba (46,03) da 14 egunetan 100.000 biztanleko 60 kasutik behera mantentzen den lurralde bakarra, eta, beraz, covid-19aren transmisioa eremu berdean jarraitzen du. Bizkaiak (60,92 kasu) okerrera egin du eta eremu horian sartu da. Gipuzkoan (73,15 kasu), aldiz, egoera bazen kaskarra eta okerrerago egin du.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (14 eguneko intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen du) 1,12koa da eta 0,89koa zen aurreko astean.

Azken 24 orduetan erregistratutako 85 kasuetatik, adin-talde bakoitzeko positiboen kopuru handiena 40 eta 49 urte bitartekoa izan da (22 kasu). Ondoren, 50 eta 59 urte bitarteko taldea dago (13) eta 60 eta 69 urte bitartekoa (10). 30-39 eta 70-79 urte bitarteko taldeek 7 kasu zenbatu dituzte, eta 0tik 9ra, 20tik 29ra eta 80tik 89ra bitartekoek 6. 10 eta 19 urte bitarteko taldean positiboak 5 izan dira, eta 3 kasu zenbatu dituzte 90 urte edo gehiagokoetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn